naiz
Donostia

EAEko Estatutuan euskara «berezko hizkuntza» izatea proposatu du Kontseiluak

EAErako Estatu berri baterako eztabaida prozesua zabaltzearekin batera, hizkuntzaren eta hizkuntza eskubideen gaia nola kokatu berrikusteko aukera baliatu nahi du Kontseiluak. Miramar jauregian aurkeztu dute. Aurkezteaz gain, Eusko Ikaskuntzari ere eman dio proposamena Bilbaok.

EAEko Estatutu berrian hizkuntza sustatzeko proposamena aurkeztu du Kontseiluak. (Andoni CANELLADA / FOKU)
EAEko Estatutu berrian hizkuntza sustatzeko proposamena aurkeztu du Kontseiluak. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Iban Arregi Kontseiluko lehendakariak azaldu du proposamena: «Ia berrogei urte joan dira Estatutua onartu zenetik, eta gizartean hainbat aldaketa izan dira, bai eta hizkuntzaren eremuan ere. Egia da ordutik aurrerapausoak izan direla, baina, ez nahikoak». Adierazi duenez, protokoloan jasotzen diren printzipio nagusiak aintzat hartu dira proposamena osatzeko orduan.

«Hizkuntza eskubideak eskubide estatutarioetan modu zuzenago jaso beharra ondorioztatu dugu, eta horrexegatik ekarpen integrala egin nahi izan dugu», gehitu du Bilbaok.

Dokumentuaren inguruan, ondokoa baieztatu du: «Hizkuntzaren estatusari dagokionez, lurralde osoan ofiziala izango da. Euskara berezko hizkuntza izendatzen da EAEn, administrazioan erabilera normaleko eta lehentasuneko hizkuntza euskara izatea jasotzen da. Europako Batasunean hizkuntza ofiziala izateko ekintzak abian jartzea ere proposatzen da».

Hizkuntza erabiltzeko eskubideen harira, herritarrei hizkuntza hautua bermatzea proposatzen da eta hori bermatzeko betekizunak ere proposatzen dizkio administrazioari. Horretarako, administrazio publikoko langileek euskararen ezagutza maila egokia egiaztatu beharko dute.

Bide beretik, euskara sustatzeko beharra ere jasotzen da. «Botere publikoek euskara babestuko dute eremu eta sektore guztietan, bai eta erabilera, ezagutza eta zabalkundea sustatu ere».

Helduen euskalduntzeak ere pisua dauka dokumentuan. Euskara ikastea doakoa izatea aldarrikatzen da. Baita, Lakuaren eskumen osoa berezko hizkuntzaren eremuan.