NAIZ
BAIONA

Serbielle eta hiru bearnotarrak ez dira espetxera joango, 3 eta 5 urte arteko zigorrak jasota

Parisko Auzitegiak hiru eta bost urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Peio Serbielle zuberotarrari, Dididier eta Robert Arricau eta Maryse Lavie bearnotarrei, fiskalak eskatutakoak baino apalagoak, baina ez dute berriro espetxean sartu beharko. Hiruri 2.500 euroko isuna ezarri die, bakoitzari.

Peio Serbiellek epaiketa aretoa utzi zuen lehen egunean. DR
Peio Serbiellek epaiketa aretoa utzi zuen lehen egunean. DR

Atzo eta herenegun epaitu zituzten Parisen Peio Serbielle musikari zuberotarra, Dididier eta Robert Arricau eta Maryse Lavie bearnotarrak, 2004an egindako polizia operazio baten ondorioz. 1999tik 2004ra «enpresa terrorista batekin lotura duen gaizkile talde baten kideak izateagatik» epaitu dituzte, Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu gorde edo laguntzea leporatuta.

Epaia gaur eman dute eta kondenak fiskalaren zigor eskaerak baino apalagoak izan dira. Hala, Serbielleri bost urteko kartzela zigorra ezarri diote, baina horietatik 42 hilabete betetzeko beharrik gabe.

Robert Arricauri ere urte kopuru bera ezarri diote, horietatik lau betetzeko beharrik gabe. Maryse Laviek lau urteko espetxe zigorra jaso du, horietatik 42 hilabete bete gabe, eta Didier Arricauk hiru urteko kondena, betetzeko beharrik gabe.

Horrenbestez, aurretik ere preso egon ziren denbora kontuan hartuta, ez dute berriro kartzelan sartu beharko.

Epaileek Serbielleri, Didier Arricauri eta Maryse Lavieri 2.500 euroko isuna ere ezarri diete, bakoitzari.

Epaiketan defentsak prozeduraren atzerapena salatu zuen –hamalau urte beranduago– eta auzipetu bearnotarrek euskal militanteak hartu izana onartu zuten. Serbiellek egungo momentu historikoarekin bat egiteko eskatu zion epaileari.