NAIZ
BILBO

Erretiratutakoen %40ak eta alargunen %82ak 1.000 euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen du

Datu ofizialen arabera, 426.200 erretiratutako pentsiodun daude Hego Euskal Herrian eta, Gaindegiaren kalkuluen arabera, beste 83.700 dira Ipar Euskal Herrian. Guztira, 509.900. Erretiratutako euskal herritarren %40ak eta alargunen %82ak 1.000 mila euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen duela azaldu du Gaindegiak.

Pentsiodunen elkarretaratzea, Bilboko Udaletxe aurrean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Pentsiodunen elkarretaratzea, Bilboko Udaletxe aurrean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ohar baten bitartez, Euskal Herriko pentsiodunen egoeraren inguruko argazki bat osatu du Gaindegiak, errealitate anitzak barnebiltzen dituena.

Eman dituzten datuen arabera, 2018ko apirilean 509.900 erretiratutako pentsiodun zeuden Euskal Herrian: datu ofizialak aintzat hartuta, 426.200 Hego Euskal Herrian eta, Gaindegiaren kalkuluen arabera, beste 83.700 Ipar Euskal Herrian.

Hego Euskal Herrian pentsiodunen kolektiboan gehiengo dira erretiroan dauden pertsonak (pentsiodunen %68,3a), baina Gaindegiak azpimarratu du nabarmentzekoa dela alargunen (123.000) eta beste pentsiodun moten bolumena (74.700). 

Erretiratutako pentsiodunen diru-sarrerei erreparatuta, Hego eta Ipar Euskal Herrikoen artean «arrakala handia» da. Hego Euskal Herrian %42,1ak (183.000 pertsona) mila euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen duen bitartean, Ipar Euskal Herrian pentsionisten %24a bakarrik kokatzen da kopuru horren azpitik (19.900). Orotara, Euskal Herrian erretiratutako pentsiodunen %39,2ak mila eurotik behera jasotzen du hilean, kopuru gordinetan 203.100 pertsona. 

Arrakala hori are nabarmenagoa da Hego eta Ipar Euskal Herriko emakumezkoen pentsioen kasuan: Hegoaldean %70,9a dira mila eurotik beherako diru-saria jasotzen dutenak eta Ipar Euskal Herrian, aldiz, %29,9a.

Pentsioak, batez beste, 1.313 eurokoak dira Hego Euskal Herrian, 2018ko apirileko datuek diotenez, eta Ipar Euskal Herrian, 1.600 euro ingurukoak (2016ko datuak). 

Alarguntasun egoeran dauden pentsiodunen kasuan, handia da mila eurotik beherako diru-saria jasotzen dutenen kopurua: Euskal Herrian 187.400 herritarrek jasotzen dute alarguntasun pentsioa, gehienak emakumeak, eta horietatik %81,6a kokatzen da 1.000 eurotako langaren azpitik.

Gaindegiak azpimarratu du errealitate asko biltzen dituela osatutako argazki orokor honek, euskal lurraldean bi pentsio sistema daudelako indarrean eta, bi kasuetan, horien gaineko erabakiak Euskal Herriko mugetatik kanpo hartzen direlako.

Bestalde, adierazi dutenez, «Ipar Euskal Herrian indarrean den pentsio sistemak Hego Euskal Herrikoak baino babes sozial zabalagoa eskaintzen du eta genero arrakala, garrantzitsua izanik ere, apalagoa da».

Desberdintasunak haratago doazela nabarmendu dute: «mila euroko diru-saria jasotzen duen herritar bat pobreziaren atalasearen azpitik dago Ipar Euskal Herrian; ez, ordea, Hego Euskal Herrian. Izan ere, gutxieneko soldata 1.498 eurokoa da Ipar Euskal Herrian eta 859koa Hego Euskal Herrian».