Hirugarren etapa Bennettentzat, hirugarren itzuli handia jarraian Froomentzat

Sam Bennett irlandarrak irabazi du Giroko azken etapa, Erroman lehiatu dena, Elia Viviani italiarraren aurretik. Sailkapen nagusia, aldiz, Foroomentzat izango da; hiru itzuli handi irabazi ditu jarraian britainiarrak.

NAIZ|ERROMA|2018/05/27 19:05
Giro_sky
Sky taldea, Froome liderrarekin. (Luk BENIES/AFP)

Bere lehenengo Giroa eskuratu du Chris Froome (Sky) txirrindulari britainiarrak. Honekin, jarraian lortzen duen hirugarren itzuli handia du; azken Tourra poltsikoratu zuen iragan uztailean, baita Vuelta ere irailean.

Atzetik aurrerako bidea egin behar izan du britainiarrak itzulia irabazteko. Hanka okerrarekin abiatu zuen itzulia, lehenengo erlojupekoa abiatu aurretik lurrera erori ostean. Lehenengo bi asteetan ere denbora galdu zuen mendiko etapetan, baina hirugarren astean sekulakoa egin du Froomek.

Zoncolanen irabazita abisua eman zuen, erlojupeko luzean maila eman zuen eta Finisterren itzulia leherrarazi zuen. Bigarren amaitu du iragan urteko irabazleak, Tom Dumoulinek, eta hirugarren Miguel Anjel Lopezek. Pello Bilbao lehenengo hamarren artean amaitzea lortu du.

Azken etapa, bestalde, Sam Bennett irlandarrak irabazi du. Erroman izan dira txirrindulariak Giroko azken etapan, eta itzuliko bere hirugarren garaipena erdietsi du Bennettek. Horretarako, Elia Viviani hartu behar izan du mendean. Bazirudien italiarrari hobeki ireki diotela taldekideek garaipenerako bidea, baina irlandarrak haren gurpila hartu eta gainditu egin du helmugan. Lau garaipenekin geratu da, beraz, Viviani.

Giroko etapa eta sailkapen guztiak NAIZen webgune berezian.