eLiburutegiak 600 audioliburu ere eskainiko ditu aurrerantzean

Infobibliotecas enpresaren eFILM ekimenarekin sinaturiko akordioari esker, Lakuak 1.600 film eskainiko ditu aurrerantzean eLiburutegia plataforman. Era berean, egokitutako 600 audioliburu ere eskuratu ditu.

naiz|Bilbo|2018/06/13 16:32
Eliburutegia
1.600 film eta 600 audioliburu eskainiko ditu eLiburutegiak. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Infobibliotecas enpresaren eFILM ekimenarekin Lakuak sinaturiko akordioari esker erabiltzaileek 1.600 film eta dokumental dituzte aukeratzeko, eta euskal zinemagintzak «pisu berezia» izango du. Gainera, eduki digitaleko plataforma publiko horrek egokitutako 600 audioliburu ere izango ditu aurrerantzean eLiburutegia, Daisy formatuan, eta horien erdia euskaraz dago.

Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eLiburutegiaren azken berritasunak aurkeztu ditu Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon.

Zerbitzu berri horiek eLiburutegiak orain arte eskaintzen zituenei gehituko zaizkie. eLiburutegiak 15.000 liburu baino gehiago eta 24.000 erabiltzaile ditu, eta iaz, 45.000 mailegu baino gehiago egin zituen. Zenbaki hauei esker, eLiburutegia Estatuko liburutegi digitalik handiena dela nabarmendu du Zupiriak.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan duenez, apustuak eLiburutegia proiektua bultzatu nahi du eta, era berean, egile eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kultura kontsumo arautu bat sustatu. Bi aldeek sinatu duten konpromisoaren arabera, urte amaieran eLiburutegiak 2.000 film izango ditu, eta horietako 300 euskaraz izango dira.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egokitutako 600 audioliburu ere eskuratu ditu. Liburu horiek Daisy formatuan daude (Digital Accesible Information System-Informazio Sistema Digital Irisgarria). Daisy irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat bereziki pentsatutako sistema bat da, eta testua eta tratamendu berezia duen audioa uztartzen ditu.

«Apustu honen bidez, kulturaz gozatzeko eta kultura kontsumoa egiteko aukera bermatu nahi diegu biztanle guztiei. Euskadi, honela, bere liburutegi publikoetan ikusmen arazoak eta irakurtzeko arazoak dituzten pertsonentzat egokitutako mailegu digitalak eskaintzen dituen Estatuko lehen erkidegoa bilakatu da», adierazi du Zupiriak.

Azkenik, Armiarma web orriarekin sinaturiko akordio bati esker, eLiburutegiak literatura txoko bat sortu du: eGunekoa. Bertan, liburutegi digitaleko erabiltzaileek literatura arloari loturiko pertsonen inguruko efemerideak jasoko dituzte egunero. Egile ezberdinen inguruko erreferentziak argitaratuko dira egunero eta beren lanetara zuzenean sartzeko aukera emango da. Honela, atal berriari esker, literatura gomendioetatik edukietara zuzenean joateko aukera dago, literatura komunitatearen kultura sustatuz.