«Euskal herritarrak garela» erakusteko ekimena, Tourra Ezpeletara helduko den egunean

Uztailaren 28an Frantziako Tourra Euskal Herrian izanen da. Egun horretan jokatuko den erlojuaren kontrako etapa Ezpeletan amaituko da. Etapa horren helmugan agerraldia burutu du, gaur arratsaldean, Errobi eskualdeko herritar talde batek. Txirrindulaz herriko itzulia egin dute kirol ekimen ospetsua Lapurdin izanen denean ‘You are in the Basque Country’ lelopean hainbat ekimen antolatuko dutela jakitera emateko.

Maite Ubiria|Ezpeleta|2018/06/13 18:27
Tourra-eh
Tourra uztailaren 28an Ezpeletara iritsiko da, eta ‘You are in the Basque Country’ lelopean hainbat ekimen egingo dira. (@Taberna_G)

Errobi eskualdeko hainbat lagunek herri ekimen bat jarri dute martxan Frantziako Tourraren harira. Txirrindularitzaren ezinbesteko hitzordua den lasterketa baliatu nahi dute «hemen herri bat dagoela» erakusteko, baita kirolatik harago «nazionalismoaren aldarrikapena« izanen den Tourraren aurrean Euskal Herriko ikuspegia zabaltzeko ere.

«Erakutsi dezagun munduaren aitzinean euskal herritarrak garela eta entzunak izatea galdegiten dugula, baditugula lehentasunezko eta erroko galdeak, lau haizetara zabaldu nahi ditugunak». Horra hor gaur arratsaldean Ezpeletan eginiko txirrindula ibilbidean zehar banatu duten esku-orrian irakur daitekeen mezu nagusia.

Hain zuzen ere, uztailak 28an, Tourreko helmuga den herrian eginiko agerraldia baliatu dute jai aldarrikatzailea eginen dutela iragartzeko. ‘You are in the Basque Country’ lelo nagusia bezala hartuta, beraien aldarrikapenak erakusteko zirkuitoan zehar gonbidapena luzatu diete herritarrei, baita Ezpeleta inguruan, egun berean eguerdi partean eginen duten giza-mosaikoan parte hartzeko ere.

Tourra Euskal Herrian ekimenari buruz xehetasunak izateko: www.tourra.eus