Pobrezia eta gizarte-bazterketaren aurkako protesta egin dute Legebiltzarraren atarian

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, pobreziari eta gizarte-bazterketari aurre egiteko Legegintzako Herri Ekimenari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute. EAJ eta PSE proposatzen ari diren Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma «murrizailea» kritikatu dute.

NAIZ|GASTEIZ|2018/06/13 12:50
Gasteiz
Gasteizko Legebiltzarraren atarian egin du elkarretaratzea Eskubide Sozialen Kartak.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile sozial eta sindikatu desberdinek elkarretaratzea egin dute, «Pobreziari stop. Kalitatezko sistema publiko eta sozial baten aldeko HEL (Herri Ekimen Legegilea)» lemapean, Gasteizko Parlamentuaren atarian.

Protesta horretan Kartaren eledunek salatu dutenez, erakundeek ez dute «herritarroi kalitatezko babes sozial publikoa bermatzeko» euren esku dagoen guztia egiten, «ezta pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontra borrokatzeko ere».

«Horregatik Herri Ekimen Legegilea bultzatzen ari gara, instituzioen eta politika publikoen lehentasuna ezin direlako bankuak, enpresa handiak eta espekulatzaileak izan. Lehentasuna herritarrak izan behar gara», nabarmendu dute.

Joan den apirilaren 27an EAJk eta PSEk aurkeztu zuten Diru Sarrerak Bermatzeko Legea aldatzeko proposamen «murriztailea» ere kritikatu dute.

«Oso une garrantzitsuan gaude. Etorkizuna jokoan dugu oinarrizko kontu batean: gure jendartean zenbateko diru-sarrera minimoak bermatu nahi ditugu, eta diskriminaziorik gabe jasotzeko eskubidea. Horregatik, premiazkoa da mobilizazio soziala bultzatzea», adierazi dute.