Asier Ezeiza preso hernaniarra Mont de Marsaneko espetxera gerturatu dute

Asier Ezeiza preso hernaniarra Mont de Marsaneko kartzelara gerturatu dute, Tarasconetik, Etxeratek jakinarazi duenez. Azken hilabeteotan hamalau euskal preso eraman dituzte Lannemezan eta Mont de Marsanera.

NAIZ|2018/06/14 16:29

Urtea hasi zenetik hamalau euskal preso politiko Lannemezan eta Mont de Marsanera gerturatu dituzte. Beste bat Mureteko kartzelara eraman dute, Euskal Herritik 450 kilometrora.

Asier Ezeiza Aierra euskal presoa Mont de Marsaneko espetxera eraman dute gaur, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Tarasconen (Euskal Herritik 750 kilometrora) geratzen zen euskal preso politiko bakarra zen hernaniarra. 

Hernaniarra 2008ko uztailaren 25ean atxilotu zuen Polizia frantsesak Côte d’Or Departamentuan, Olga Comesekin batera, ETArekin zerikusia izatea leporatuta. 2014an hainbat protesta egin zituen Ekaitz Sirvent eta Zuhaitz Errastirekin batera, Marseillako espetxean, behin behineko egoeran, hilabeteak eduki zituztelako «baldintza oso txarretan», ezarri zieten zigorra bete behar zuten kartzelara eraman aurretik. Azkenean Tarasconera eraman zituzten.

Ezeizarekin, hamalau dira dagoeneko Estatu frantseseko agintariek azken hilabeteotan Mont de Marsan eta Lannemezaneko kartzeletara gerturatu dituzten euskal presoak. Bi horiek dira Euskal Herritik gertuen daudenak, lehena 230 bat kilometrora eta bigarrena, aldiz, 330 kilometrora.

Azken lekualdatzea Asier Oiartzabal preso andoaindarrarena izan zen, joan zen ekainaren 4an. Lannemezanera eraman zuten Saint Maur-etik.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK