NAIZ
GASTEIZ

Erakundeek Mendizorrotza eraberritu eta handitzeko lanen %40a ordainduko dute gehienez

Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Lakuako Gobernuak gehienez ere 22 milioi emateko konpromisoa hartu dute Mendizorrotzako futbol-zelaia eraberritu eta handitzeko, inbertsio osoaren %40a. Emakidadun izango denak gainerako %60a jarri beharko du, gutxienez.

Zupiria, Gonzalez, Urtaran eta Fernandez de Troconiz, Mendizorrotzan. (ARABAKO ALDUNDIA)
Zupiria, Gonzalez, Urtaran eta Fernandez de Troconiz, Mendizorrotzan. (ARABAKO ALDUNDIA)

Gorka Urtaran alkatea, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Bingen Zupiria sailburua Mendizorrotzan izan dira ostegun honetan, ordezkatzen dituzten erakundeen izenean estadioa eraberritu eta handitzeko lanak finantzatzeko protokoloa sinatzeko. 

Azaldu dutenez, 1924an eraiki zen futbol-zelaia, 19.000 lagunentzako edukierarekin. Egun, eta 2023. urtera arte, Alavesek dauka instalazioen lagapen esklusiboa eta berari dagokio Mendizorrotza zaintzea. Eraiki zenentik, hainbat hobekuntza lan egin dira –garrantzizko azkena 1997 eta 2000 urteen artean–, baina azpiegiturak egiturazko akats larriak ditu, segurtasunari eragiten ez diotenak, baina zaharberritzea eta edukiera handitzea eskatzen dutenak. 

Lanak bukatutakoan, edukiera 30.000 lagun ingurukoa izatea espero dute. 

Erakundeek estrategikotzat jo duten proiektu honek eskatzen duen inbertsioa handia denez, azpiegituraren emakidadun izango denak ere parte hartzea erabaki dute. Jardun protokoloan zehazten da erakunde bakoitzak egingo duen ekarpena. Hiru erakundeen artean egingo duten ekarpenak ez du globalaren %40a gaindituko. Horrela egin dute banaketa: Udalak gehienez 8.813.400 euroko jarriko ditu eta Aldundiak eta Lakuak, aldiz, 6.993.400na euro. 

Etorkizunean proiektuaren emakidadun izango denak –Alavesek du ardura hori hartzeko asmoa– gainerako %60a jarri beharko du gutxienez. 

Urtaran, Gonzalez eta Zupiria pozik agertu dira sinatutako akordioarekin eta erakundeen arteko lankidetza txalotu dute. 

Alaves taldeko presidenteak, Alfonso Fernandez de Troconizek, azpimarratu du «lehen urrats garrantzitsua» izan dela hitzarmena, bere ustez agerian uzten duelako «Arabako eta Euskal Herriko erakundeek hain proiektu garrantzitsuarekiko daukaten konpromisoa».