NAIZ
GASTEIZ

Osakidetzako oposizioen azterketak nork prestatu zituen argitzeko eskatu du EH Bilduk

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan atzemandako atzemandako ustezko irregulartasunen aurrean informazio eskaria egin dio EH Bilduk Lakuari Legebiltzarrean.

Rebeka Ubera, EH Bilduko legebiltzarkidea. (Juanan RUIZ/FOKU)
Rebeka Ubera, EH Bilduko legebiltzarkidea. (Juanan RUIZ/FOKU)

Osakidetzako oposizioen inguruko informazioa eskatu dio Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Jon Darpon Osasun sailburuari, azaldu dezan nola aukeratu diren espezialitate bakoitzean azterketak prestatu dituztenak eta epaimahaia osatzen dutenak.

Azterketak filtratu diren zantzuak hamasei espezialitatetara hedatuta daudela aintzat hartuta, «itzalpean dagoen prozesu horri argi emateko» galdegin dio koalizio abertzaleak Lakuari.

«Iruzurra egon dela egiaztatzekotan, ezinbestekoa izango da ardurak garbitzea, bai teknikoak bai politikoak», nabarmendu du Uberak.

Legebiltzarkideak adierazi du prozesu osoa aztertu behar dela, «azterketak prestatzeko agindua eman zen momentutik bertatik hasita».

Ildo horretan, Darponi eskatu dio «esan dezala, izen abizenekin, nork prestatu zituen azterketak Osakidetzan zein Administrazio Publikoaren Euskal Institutuan eta argitu dezala nola hautatu ziren, nolako irizpideen arabera, lan hori egiteko espezialitate bakoitzean.

Era berean, Uberak galdegin dio zehaztu dezala zein den protokoloa azterketak prestatzeko, zein den sistema, espezialitate bakoitzean, epaimahaietako kideak aukeratzeko eta zein izan diren sindikatuen ordezkariak.

Halaber, Uberak jakin nahi du nork osatzen duten oposizioen jarraipen batzordea. Epaimahai guztien aktak ere eskatu ditu, zehaztuta zein diren akta kideren batek edo guztiek sinatu gabe utzi duten epaimahaiak.