Maite Ubiria
baiona

Bizi arteko zigor jasangaitzaren aurrean esperantzaren aldarria Baionan

1.600 lagunetik gora elkartu dira gaur arratsaldean Baionako karriketan ‘Egun bat gehiagorik ez’ lelopean Bagoaz kolektiboak  deituriko manifestazioan. Laugako kiroldegitik atera eta hirigunea zeharkatu ondoren Roland Barthes zabalgunean amaitu den martxarekin kartzela zigor luzeak pairatzen dituzten presoen egoerari buruz «alarma piztu» nahi izan dute.

1.600 lagunetik gora elkartu dira gaur arratsaldean Baionako karriketan. (Isabelle Miquelestorena)
1.600 lagunetik gora elkartu dira gaur arratsaldean Baionako karriketan. (Isabelle Miquelestorena)

Hain zuzen ere 1990. urteaz geroztik espainiar Estatuan preso dagoen Unai Parot eta frantziar Estatuan bizi arteko kartzela zigorrera kondenaturik dauden Frederik Xistor Haranburu, Ion Kepa Parot eta Jakes Esnalen egoera salatzeko balio izan du gaurko mobilizazioak.

Martxa irekitzen lau kotxe jarri dira preso bakoitzaren senideek 28 urte hauetan egin dituzten kilometro kopuru izugarriak oroitarazten zituzten afixak agerian zituztela sabaietan.

‘Egun bat gehiagorik ez’ leloa zuen pankartaren gibelean lau presoen senideak eta beraiei babesa ematen Bagoaz plataforma osatzen duten 25 elkarteen ordezkaritza zabala. EH Bai, Berdeak, NPA, PS edo Alderdi Komunistako hautetsik bat egin dute deialdiarekin, baita LAB eta STC sindikatuek ere, azken honek Korsikatik. LDH eta CDDHPB giza eskubideen aldeko elkarteak, Sare, Bakegileak, Bake Bidea, Bizi, Aitzina edo EHZko ordezkariak ere bat etorri dira lau presoen askatasuna aldarrikatzeko orduan.

Azkeneko hilabetetan euskal delegazioak Frantziako justizia ministerioarekin zabalduriko  interlokuzioak hainbat aurrerapen ekarri ditu presoen egoerari dagokionez. Hala nola 14 bat preso Euskal Herririk gertu dauden kartzeletara ekarri dituzte eta beste 12ri DPS ( lehenengo gradu antzekoa) kendu diete.

Izan ere, espetxe politikaren baitan aldaketak «azkarragoak eta sakonagoak» eskatu dituzte gaurko mobilizazioa antolatu dute eragileek.

Ekitaldiaren amaieran Hendaiako alkate ohiak, Battit Salaberrik eta Emilie Martin, Bagoazeko bozeramaileak, nabarmendu dutenez «Arnagako ekimenaren ondotik ezin da gehiago iraganeko argudioak baliatu» preso hauen egoera «jasangaitza delako aspalditik gizarte honentzat».

Bizi arteko kondenak 30 urtetako espetxe zigor batekin konmutatzea eskatu dute Ion Kepa, Jakes Esnal eta Xistor Haranburu presoek. Hori dela-eta exijentzia argiarekin amaitu du bere hitzartzea Martinek: «Beraien geroa Emmanuel Macron presidentearen mahaigainean dago eta berari dagokio preso horiek behingoz aske geratzea posible egingo duen erabakia hartzea».

Altsasuko gazteentzat justizia eskatzeko Iruñean bildutako jendetzari agurra helarazi ondoren heldu den urriak 20an Orain Presoak ekimenak Bilbon deituriko manifestaziora joateko dei eginez amaitu da Lapurdiko hiriburuan eginiko martxa.