NAIZ

Brasil ere ez da debuteko neurketa irabazteko gai izan (1-1)

Munduko Txapelketa irabazteko hautagai diren talde nagusiek ez diote hanka onarekin ekin txapelketari, eta Brasil ez da salbuespena; ezin izan dio debuteko partidan Suitzari gain hartu (1-1). [Emaitzak eta sailkapenak]

Partida ongi laburbiltzen duen irudia. (Pascal GUYOT/AFP)
Partida ongi laburbiltzen duen irudia. (Pascal GUYOT/AFP)

Hasi eta amaitu duen bezala jokatu izan balu Brasilek aise irabaziko zukeen Munduko Txapelketako bere debuteko partida, Suitzaren aurka jokatu duena (1-1). Baina ez, eta ezin esan gainera neurketa irabazteko aurkariak baino merezimendu gehiago egin duenik.

Markagailuan aurreratzea lortu dute brasildarrek, bai. Lehen zatiko 20. minutuan izan da hori, Bartzelonako jokalari den Philippe Coutinhoren gol eder bati esker. Areaz kanpo jaurti du jokalari brasildarrak, eta zutoinean jo ondoren iritsi da baloia sareetara.

Gola sartu eta erlaxatzea bat izan da Brasilentzat. Asko moteldu dute neurketaren erritmoa, gehiegizko konfiantzaren ondorio edo. Horrek ateak ireki dizkio Suitzari.

Hala, bigarren zatia hasi bezain pronto egin dute duten gola suitzarrek. Zuber izan da golegilea, 50. minutuan izan duten korner bat aprobetxatuz. Brasildarrak kexati agertu dira, Miranda atzelariari bultza egin diola salatuz.

Neurketako azken minutuak arte ez da Brasil aukerarik sortzeko gai izan. Azken hamar minutuetan bai, dozena erdi aukera izan dituzte hiru puntuak irabazteko, baina gertu egon izanagatik baloia ez da suitzarren ate barrura sartu.

Neymarrek, brasildarren izar nagusiak, bere maila onenetik urrun dagoela erakutsi du, hainbat jokalditan –amaieran batez ere– arriskua sortu duen arren.