NAIZ
ONDARROA

Lasterbidean: «Jarrai dezagun lasterka, pausoak pauso gehiago dakartza eta»

Ondarroako presoen senideek moztu dute Lasterbidean elkartasun lasterketari hasiera eman dion katea. 700 baino parte hartzaile gehiago batu dira igande honetan ekimenean, non lasterketaren erritmoa bizitzeko deia egin duten: «Erritmoa biziagotu behar dugu gaixo dauden presoak kalera ateratzeko, etxera ekartzeko».

Ondarroako presoen senideek eman diote hasiera lasterketari. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Ondarroako presoen senideek eman diote hasiera lasterketari. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Lasterbidean elkartasun lasterketa ospatu da igande eguerdi honetan Ondarroan. 700 baino parte hartzaile gehiago batu dira lasterketa luzean eta larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirre presoaren senideek eraman dute bat zenbakidun dortsala.

Modu horretan, Iparragirre eta gainerako gaixo dauden presoak omendu nahi izan ditu Lasterbideanek.

«Gaur Ondarroan ikusi dugu elkartasuna eta esperantzaren kolorea gorria dela», adierazi dute amaierako ekitaldian. «Erakutsi da hamaika pauso dituela elkartasunak; gaur, esaterako, korrika eginez ari gara ematen elkartasun pausoak», gaineratu dute. Horixe baita Lasterbidean, kirol eremutik jaiotako elkartasun ekimena.

Adierazi dute, baina, jakitun direla urrunketa eta sakabanaketarekin amaitu eta euskal errepresaliatuen eskubideak errespetatzeko erritmoa «biziagotu» beharra daukatela: «Erritmoa biziagotu behar dugu gaixo dauden presoak kalera ateratzeko, etxera ekartzeko».

Sakabanaketa eta urrunketaren ondorio latzenak jasan zituzten 16 senide eta lagunak ere ekarri dituzte gogora: «Sakabanaketak eraildako 16 senide eta lagun horiei gure omenaldirik beroena!». Eta, era berean, espetxeetara abiatu diren senideak omendu dituzte.

Nork bere esparrutik elkartasun pausoak emateko gonbita eginez amaitu dute ekitaldia, eta arnasa ondo hartzeko deia egin dute: «Jarrai dezagun lasterka pausoak pauso gehiago dakartzalako. Helmugarako gutxiago falta da baina geldialdirik gabeko lasterketa honekin jarraitu behar dugu helmuga lortu ahal izateko».