NAIZ
GASTEIZ

Urtebeteko espetxe zigorra ama bati, eskola bateko zuzendariari zaplazteko bat emateagatik

Gasteizko epaitegi batek urtebeteko espetxe zigorra ezarri dio emakume bati, bere alabak ikasten zuen ikastetxe publikoko zuzendariari zaplazteko bat eman eta bizkarrean bi kolpe emateagatik.

Gasteizko Zigor alorreko 2. epaitegiak urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio ama bati, bere alabaren ikastetxeko zuzendariari zaplazteko bat eta bizkarrean bi kolpe «gogor» emateagatik. Funtzionario edo irakasle publiko baten aurkako atentatua eta lesio arinak eragitea leporatu diote, Efe agentziak zabaldu duenez.

Gertaerak 2017ko apirilean jazo ziren; epaitutako emakumea eta bere senarra bi urteko alabak ikasten zuen eskola publikora joan ziren zuzendariarekin hitz egitera, umeak aurreko egunean izan zuen arazo baten harira.

Ikastetxeko atarian hizketan ari zirela, haurraren amak zuzendariari masailean zaplazteko bat eman ziola frogatutzat jo du epaiak, eta zuzendariak alde egiteko buelta eman zuenean, bi kolpe «gogor» eman zizkiola bizkarrean, eritemak eragin zizkiotenak.

Epaiak ondorioztatu duenez, emakumeak «oso modo zuzen eta oldarkorrean» egin zion eraso eskolako zuzendariari, eta min egiteko asmoarekin egin zuen.

Horregatik, urtebeteko espetxe zigorra ezarri dio funtzionario edo irakasle publiko baten aurkako atentatuagatik eta 320 euroko isuna lesio arinak eragiteagatik. Horretaz gain, irakasleari beste 72 euroko kalte-ordaina eman beharko dio, gehi interesak, erantzukizun zibilagatik.

Epaiak senarraren jarrera ere aztertzen du eta epaiketan eman zuen lekukotza ez dela sinesgarria eta bere deklarazioan ez zuela egia esan ondorioztatu du. Horregatik, Gasteizko guardiako epaitegira bidaliko du, lekukotza faltsua izan ote zen iker dezan.