Amalur Artola
DONOSTIA

Euskal musikaren historia bilduko dute Musikenek eta Nevadako unibertsitateak

Orain bi urte abiatu zuten elkarlanaren ildotik, uda ostean ‘History of the Basque Music’, Euskal Herriko musikaren historia biltzen duen liburua argitaratuko dute Musikenek eta Nevadako unibertsiteak. Josu Okiñenaren koordinaziopean, hamar ikerlari eta adituren testuak jasoko ditu eta, ingelesezko bertsioaren ostean, euskarazkoa eta gaztelerazkoa etorriko dira. Ekainaren 28 eta 29an, edukiak aztertzeko sinposio irekia antolatu dute, Musikenen.

Josu Okiñena, Miren Iñarga eta Xabier Irujo, egitasmoaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Josu Okiñena, Miren Iñarga eta Xabier Irujo, egitasmoaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

‘Historia de la música vasca/ Euskal musikaren historia/ History of the Basque Music’ izango da Musikenek eta Nevadako unibertsitateko Center of the Basque Studies-ek (Reno) elkarlanean argitaratuko duten liburuaren izen osoa, «ezinbesteko lana» Josu Okiñena proiektuaren koordinatzailearentzat, «azken 30 urteetan ez baita euskal musika bere osotasunean hartzen duen libururik argitaratu». Kronologikoki sailkatuta, historiaurretik gaur egunera arteko ibilbidea proposatzen du argitalpenak eta aro bakoitzeko aditu bana aritu da testuak ontzen, gehienak Musikeneko irakasleak: Elixabete Etxebeste, Sergio Barcellona, Jon Bagues, Isabel Díaz, Gotzone Higuera, Patri Goialde, Mark Barnés, Itziar Larrinaga, Mikel Chamizo eta Josu Okiñena bera.

Liburua uda ostean argitaratuko dute Europan eta Amerikan, ingelesez, eta euskarazko eta gaztelaniazko bertsioa «aurrerago» argitaratuko direla esan du Musikeneko zuzendari Miren Iñargak, «finantzazioa lortu etabar, nola egingo dugun ikusi behar dugu». Online doan eskuratzeko modua ere egongo da (ingelesez), Renoko ikastegiaren liburutegi digitalean.

Xabier Irujo Renoko ikastegiko zuzendaria ere izan da aurkezpenean. «Gure lana da euskal kultura zabaltzea ingelesez, eta azken 30 urteetan ez da atera halako liburu zabal bat, urteotan egin diren aurkikuntzak biltzen dituena». Euren ibilbidean 150 argitalpen kaleratu dituztela eta beren liburutegi digitalean 50 liburu doan eskura daitezkela nabarmendu du. «Iaz 21.000 liburu deskargatu ziren munduko leku ezberdinetan, Hong Kong, Argentina, Kanada, Australia… hori da ikergunearen lana, euskal kultura zabaltzea». Euskal musikaren historia biltzen duen liburua ere bertan eta doan eskuratzeko moduan izango dela aurreratu du.

Argitaratu aurretik, ekainaren 28an eta 29an sinopsioa antolatu dute Musikenen. Liburuaren atalak landu dituzten adituek euren atalaren azalpenak emango dituzte eta ostean 30 minutuko solasaldia izango da, ekarpenak egin eta iritziak biltzeko. Bertan esandakoak aintzat hartuta egingo da testuen azken berrikusketa. Sinposioan parte hartzeko, Musikeneren webgunean eman behar da izena.