@Maite_Ubiria
BAIONA

Euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza gisa ofizialki onartu ditu Euskal Elkargoak

Euskal Hirigune Elkargoak euskara eta gaskoi-okzitaniera «lurralde hizkuntza» gisa tratatuko ditu aurrerantzean. Bere herriarteko kontseiluak larunbat goiz honetan harturiko ebazpenaren bidez, Ipar Euskal Herriko erakundeak «bi hizkuntz horiek biziberritzeko engaiamendu ofiziala» hartu du. Era berean, euskararen aldeko hizkuntza politikoaren oinarriak jasotzen dituen ‘Euskara jalgi hadi plazara’ izenburu duen egitasmoa onartu du.

Hautetsiak, bilkuran. (@Maite_Ubiria)
Hautetsiak, bilkuran. (@Maite_Ubiria)

Tokiko hizkuntzen ezagutza politiko eta juridikoaren bidean mugarri garrantzitsutzat jo ditu Jean Rene Etxegaray Euskal Elkargoko lehendakariak larunbat goiz honetan Baionako unibertsitatean bildutako erakundeko kontseiluak hartu dituen erabakiak.

Frantziar estatuan hizkuntzen aldeko politikak duen «atzerapen lotsagarria» salatu ondoren, koofizialitatearen aldeko aldarria egin du Euskal Elkargoko buruak.

Hartara, euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza aintzat hartzen dituen ebazpenak 145 aldeko boto, 18 kontrako eta 22 abstentzio jaso ditu. Adierazpenaren osagarriz, kontseiluak bigarren ebazpen bat ere onartu du euskararen alde erakundeak garatuko duen hizkuntza politikoaren ardatz nagusiak eta alorrez-alorreko egitasmoak zehazten dituena.

Hautetsi bakar batek, Guy Mondorguek, bozkatu du bi ebazpenen kontra. Bere erabakia azaltzeko orduan bilkurara etortzekorik izan ez duen beste hautetsi batek agindutako botoa eman duela argitu du hautetsi angeluarrak. Elkargoko zuzendaritzako kide gehienez gain, kontseilukide anitzen zurrumurruak eta irriak eragin ditu azalpenak.

Hain zuzen, hautetsi angeluarra izan da euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza gisa onartzeko adierazpenari buruz ika-mika piztu duena.

Adierazpenak argiki jasotzen du euskara garatzeko politika hiru lurraldeetan gauzatuko dela. Alta, gaskoiaren aldeko hizkuntza politika zehazteke dagoen heinean, mintzaira horren aldeko ekimenak zer lurralde eremuan garatuko diren ondoren erabakiko dela adierazten du agiriak.

Horren aitzakiaz gaskoiaren alde Baionanjarduten duen akademiako kide den hautetsiak hizkuntza arteko mugak ezartzeko nahikeria egotzi dio Beñat Arrabit euskara arduradunari. Bien arteko ika-mika bideratzeko xede aipu hori kentzeko proposamena luzatu du Jean Rene Etchegarayek. Elkargoko buruak planteaturiko emendakinak botoen %59 jaso du. Behin ataka gaindituta, bi ebazpena aise atera dira aurrera.

Gisa berean, osoko bilkuran abantzu aho batez onartu du heldu den ikasturteari begira irakasle postu berriak eskatuz Seaskak aurkezturiko mozioa. Mondorguek kontrako boto delegatua eman du puntu honetan ere.