NAIZ

Neurketa bizia jokatuta, berdindu egin dute Japonia eta Senegalek

Bina berdindu dute Japonia eta Senegalek, bereziki bigarren zatian sutsuki jokatutako neurketa alai batean. Berdinketan lau punturekin uzten ditu bi taldeak, multzoko buru, eta ez galtzera behartzen ditu Kolonbia eta Polonia.

Biziki lehiatua izan da Japonia eta Senegalen arteko neurketa. (Anne Christine POUJOULAT/AFP)
Biziki lehiatua izan da Japonia eta Senegalen arteko neurketa. (Anne Christine POUJOULAT/AFP)

Irekita, aukera guztiak mahai gainean, jarraitzen du Errusiako Munduko Kopako H multzoak. Japonia eta Senegal aritu dira igande arratsalde honetan aurrez-aurre, lehenengo jardunaldian garaipena lortutako bi talde, hurrengo faserako txartela lortzeko lehia gartsuan.

Bada neurketa bizia jokatu dute bi taldeek, sutsuki eta alai, batez ere bigarren zatian. Hala ere, markagailua ireki duen gola lehen zatian Sadio Manek sartutakoa izan da; 11. minutua zen eta Senegal markagailuan aurretik jartzea ahalbidetu du. Takashi Inuik, baina, atsedenaldira iritsi aurretik ezarri du berdinketa, 34. minutuan gol zoragarri bat sartuz.

Senegaldarrak bigarrenez aurreratu dira markagailuan 71. minutuan Mousa Wagueren golari esker, baina japoniarrek segituan erantzun diote Senegalen gol berri honi ere. Keisuke Honda iza da golegilea 78.ean, Inuiren asistentzia jaso ostean.

Berdinketaren ostean, taldeko lidergoan jarraitzen dute Japonia eta Senegalek, launa punturekin. Kolonbia eta Poloniak, ostera, garaipena ezagutu gabe jarraitzen dute; horrek iluntze honetako partidan ez galtzera behartzen ditu bi taldeak, osterantzean Munduko Kopatik at geratuko dira.

Munduko Kopako emaitza eta sailkapen guztiak, NAIZen webgune berezian.