NAIZ
DONOSTIA

Urtean 13.500 minbizi kasu antzematen dira Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban

Lakuako Osasun sailburu Jon Darponek datozen bost urteetarako Onkologia Plana aurkeztu du, minbizia dutenen biziraupena hobetzeko helburua duena, kontuan izanik, «gure gizartearen osasun-arazo nagusietako bat dela». Urtean 13.500 kasu antzematen dituzte EAEn. 

Osakidetzako arduradunekin eta planaren diseinuan parte hartu duten adituekin egin du agerraldia Darpon sailburuak. (@jdarpon)
Osakidetzako arduradunekin eta planaren diseinuan parte hartu duten adituekin egin du agerraldia Darpon sailburuak. (@jdarpon)

«Prozesu onkologikoa humanizatzearen aldeko apustu irmoa egiten dugu», nabarmendu du Osasun sailburuak eta gaineratu du aurkeztutako Onkologia Plana «ehuneko ehunean zentratzen dela pertsonen premia fisiko eta emozionaletan». 

2018-2023 Onkologia Planak minbizia dutenen biziraupena hobetzea du helburu nagusi. Zehaztu dutenez, 2012ko datuen arabera, diagnostikoaren ondoko bost urteetan biziraupen-tasa %59,9an kokatzen da emakumeetan eta %52,2an gizonezkoetan. Europa eta Estatu espainiarreko bataz bestekoen gainetik dago biziraupen-tasa hori. 

Datuak «itxaropentsuak» dira, baina minbiziari modu integralean aurre egiteko bidean aurrera egin eta hobetzea da konpromisoa, Darpon sailburuaren arabera, «oraindik gure gizartean eragin handia» duen gaixotasuna delako. EAEn urtean 13.500 kasu antzematen direla adierazi dute.

Biziraupenen emaitza hobetzeko «detekzio goiztiarra funtsezko alderdia» dela nabarmendu dute.  

Gaixo onkologikoen eta beren senideen arretan inplikatuta dauden adituen eta osasun arloko profesionalen aholkularitzarekin diseinatutako plan honek, oro har, laguntza-eredua planteatzen du, diziplina anitzeko ikuspegiarekin, eta horren helburua da diagnostikorako denborak murriztea eta interbentzio konplexuenak beharrezko esperientzia batzeko aukera ematen duten erreferentziazko unitateetan kontzentratzea.

Onkologia Planak, halaber, pertsonalizatutako doitasunezko medikuntzaren (PDM) garapenean ere sakontzen du, eta horrek aukera ematen dio pazienteari banakako tratamendua egiteko, bere ezaugarrien eta daukan tumorearen arabera, historia kliniko elektronikoan prozesu onkologikoaren informazio guztia jasoko duen sistema informatikoaren laguntzarekin, besteak beste, jasotako tratamenduak eta pazientearen bizi-kalitatea, erabakiak hartzean erabilgarri izan dadin.

Gainera, berrikuntza-estrategia ere zabalduko da, EAEko enpresa teknologikoak minbizia diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna berriak garatzen inplikarazi nahi dituena, eta osasuna eta prebentzioa sustatzeko sektoreen arteko estrategien aldeko etengabeko apustua egingo da.

Planak beharrezkotzat jotzen du prebentziorako abian dauden ekimenei eustea. Horien artean aipatu dituzte jarduera fisikoaren praktika sustatzea, elikadura osasungarrirako ekimenen estrategia ezartzea edota tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa murriztea.

Horrez gain, melanomaren prebentzioan eta langileak agente kantzerigenoen eraginpean egoteko kasuak murrizteko lanean ere ari dira. 

Koloneko eta bularreko minbiziak detektatzeko abian dauden baheketa programekin ere jarraituko dute, «egungo estaldura-tasa eraginkorrak areagotzea» helburu hartuta. 2019tik aurrera umetoki-lepoko minbiziaren baheketa programa EAE osora zabalduko da.