Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Zientzietako azterketa zuzendu ez bazieten ere, Seaskako ikasle guztiek gainditu dute brebeta

Seaskako zuzendaria den Hur Gorostiagak baieztatu duenez ekaina ondarrean brebet azterketa egin zuten ikastoletako ikasle guztiek gainditu dute kolegioaren amaiera markatzen duen proba. Hala ere, Bordeleko Errektoretzak aurten lehen aldikoz hartu duen erabakiak, lehenik azterketak bahituz eta ondoren horien zuzenketa irakasle ez euskaldunen eskuetan jarriz, bere eragina izan du. Ikasle euskaldunek nota apalagoak izan dituzte. Hala eta guztiz ere Frantziako Hezkuntza Ministerioari oharra egin dio Gorostiagak: heldu den ikasturtean ere «Seaskako ikasleek brebet-eko probak euskaraz eginen dituzte».

Bordelera eraman zuen Seaskak joan zen astean bere aldarrikapena . (Iurre BIDEGAIN)
Bordelera eraman zuen Seaskak joan zen astean bere aldarrikapena . (Iurre BIDEGAIN)

Hur Gorostiagak «Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoak» zoriondu nahi izan ditu brebet azterketari dagozkion emaitzak ezagutu bezain pronto. Kazeta.eus atariarekin izandako elkarrizketan, ikasle guztiek, 179 orotara, brebet azterketa gainditu dutelako bere poza agertu du. 

Izan ere, Bordeleko Errektoretzak, eta oro har frantziar Hezkuntza Ministerioak agertutako jokabidea salatu du beste behin ere Seaskako ordezkariak.

Bere ustez, Hezkuntzako arduradunek mespretxuz tratatu dituzte ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleak. «Hala eta guztiz ere, guztiek azterketa gainditu dute; are, horietarik askok ‘mention’ batekin pasatu dute azterketa, azterketako emaitza ‘ona’ edo ‘oso ona’ kalifikazioa jaso ondoren».

Badira zenbait urte Seaskako ikasleek Brebet-eko matematika eta geografia-historia azterketak euskaraz idazteko baimen ofiziala jaso zutela. 

Iaz, nahiz eta berme bera ez izan, ikasleek euskaraz idatzi zituzten zientzietako azterketak. Proba horiek zuzenduak izan ziren. Aurten ere euskaraz egin dituzte.

Alta, iragan uztailaren 2an Bordeleko Errektoretzak zuzenketak blokeatzeko urratsa eman zuen. Nahiz eta epaimahaietan irakasle elebidun nahikoa izan zuzenketa bururatzeko, Errektoretzak irakasle ez euskaldunei agindu zien zientzietako proba zuzentzeko. Horren ondorioz, irakasle horiek ezagunak zitzaizkien osagaiak –xifrak eta eskemak gehienbat– baizik ez zituzten baloratu. Erabakiak 179 ikasle horiek eginiko azterketaren emaitza orokorra apaltzea ekarri du.

Hori dela eta, joan den astean Errektoretzako bulegoen aurrean Bordelen egin bezala, bere jokabidea aldatzeko agindu dio gaur Seaskako zuzendariak Jean-Michel Blanquer frantziar Hezkuntza ministroari. Oharra egin dio baita ere. Heldu den ikasturtean ere «Seaskako ikasleek brebet-eko azterketa euskaraz eginen dute, zientzietako proba barne».