Urteko lehen sei hilabeteetan 1.465 erreklamazio jarri dira EAEn etxeko salmentengatik

2018ko lehen sei hilabeteetan, EAEn, etxeko salmentarekin lotutako 1.465 erreklamazio jaso ditu Kontsumobidek. «Etxeko salmenta ez da legez kontrako jarduera, baina antzeman ditugu, ordea, praktika oso erasokorrak eta, kasu batzuetan, ustezko mirarizko produktuekin, eraginkortasuna frogatuta ez dutenekin», azaldu dute.

naiz|gasteiz|2018/07/11 12:20
Kontsumobide
Nora Abete, Kontsumobideko zuzendaria eta Peio Lopez de Munain, Gasteizko zinegotzia, gaurko agerraldian. (Kontsumobide)

Nora Abete Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendariak, establezimendutik kanpoko salmenten inguruan hasi berri den informazio kanpaina azaldu du. Aurkezpenean, Peio Lopez de Munain Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako eta Osasun Publikoko Saileko zinegotzi ordezkaria izan du lagun.

Kanpaina honen bitartez, kontsumitzaileen eskubideen berri ematea eta erreklamazio eta etxeak bisitatzen dituzten merkatariek izan ditzaketen «praktika ilunak edo engainagarrien» inguruan prebentzioa lantzea du jomuga.

2018 urteko lehen sei hileetan, gai horren inguruko 1.465 erreklamazio, kexa eta salaketa jaso dira EAEn. Iaz, aldiz, 2.934 erreklamazio jaso ziren, etxeko salmentekin lotutako gaien inguruan. Zehaztu dutenez, aurtengo horietatik 242 Araban izan dira eta iaz 534 izan ziren. Abeteren hitzetan, «etxeko salmenta ez da legez kontrako jarduera, baina antzeman ditugu, ordea, praktika oso erasokorrak eta, kasu batzuetan, ustezko mirarizko produktuekin, eraginkortasuna frogatuta ez dutenekin».

Kanpaina herritarrei etxeko bisitetan izan daitezkeen lau egoeraren berri ematen dien liburuxkan oinarritzen da: «Osasunarekin lotuta dauden produktuen salmenta, beste produktu batzuena, besteak beste, entziklopediena, liburu-bildumena, led bonbillena eta abar, elektrizitate eta gas hornikuntzak eta gas berrikuspen faltsuak», azaldu dute.

Hori horrela, Peio López de Munainek ohartarazi duenez, «adinekoak, sarritan, horrelako gehiegizko salmenta moten jomuga izaten dira, pertsona ahultzat eta manipulatzeko erraztzat jotzen direlako». Honen aurrean Kontsumobidek atez ate saltzeko edo kontratatzeko ahalegina egiten duten saltzaileen jarreraren aurrean «arretaz jokatzea» gomendatzen du.

Hori dela-eta, «merkataritza presioa saihestea» ere beharrezkoa dela azpimarratu dute. «Ezer erosi edo sinatu aurretik, benetan behar den pentsatu behar da eta, hala izanez gero, merkatuko beste aukera batzuekin erkatu».