NAIZ
DONOSTIA

Errenterian izandako eraso sexista gaitzesteko manifestazioa egin dute

Emakume batek salatutako eraso matxista gaitzesteko manifestazio jendetsua egin dute Errenterian, herriko mugimendu feministak deituta. Gipuzkoako Aldundia eta Batzar Nagusiak ere ordezkatuta egon dira protesta horretan. 

Errenteriako mugimendu feministak deituta herrian zehar egin dute manifestazioa. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Errenteriako mugimendu feministak deituta herrian zehar egin dute manifestazioa. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Aski da! Erasorik ez!» zioen pankarta batek ireki du Errenteriako mugimendu feministak azken erasoa gaitzesteko egin duen manifestazioa.

Lakuako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, bikotekide ohiak eraso egin ziola salatu zuen emakume batek eta Ertzaintzak ikerketa ireki zuen.

Ondoren, ikertzaileen arabera, salaketa jaso zuen gizonak bere buruaz beste egin zuen tunel batetik errepidera salto eginez.

Atzo bertan, Errenteriako Udalak elkartasuna eta babesa adierazi zion emakumeari eta bat egin zuen mugimendu feministaren deialdiarekin. 

Asteazken honetan gauza bera egin dute Gipuzkoako Aldundiak eta Batzar Nagusiek. 

Berdintasunerako Organoaren zuzendari Miren Elgarrestak ordezkatu du foru erakundea manifestazioan eta Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza ere bertan izan da.

Ohar batean,  Aldundiak «gogor gaitzetsi» du Errenterian gertatutako eraso sexista eta babes eta elkartasun osoa adierazi dio emakumeari eta haren gertukoei. Gertaerak izan duen amaiera «samingarria» ere deitoratu du. 

Miren Elgarrestak «jasanezintzat» jo du erasoa eta herritarrekin batera, «berdintasunaren alde lanean jarraitu eta halako gertaeren aurkako jarrera irmoari eusteko» lanean jarraitzeko deia egin du.

Foru zuzendariarentzat, «ezinbestekoa» da «publikoki indarkeria sexistaren aurka aertzen jarraitzea». Horrekin batera egunero emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarri izango duen gizarte baten aldeko lanari eusteko eskatu die herritarrei Elgarrestak, «emakume bat, emakume izate hutsagatik, bere eskubide ala askatasuna inondik inora arriskuan izango ez duen gizartea».

Eider Mendozaren arabera, «ez dago ezer emakumearen aurka indarkeria erabiltzea justifikatzen duenik, ez dagoelako inondik inora onartzerik emakumearen funtsezko giza duintasunaren urraketa eta oinarrizko askatasun eta eskubideen bortxaketa».

Era berean, erakundeen eta jendarte guztiaren eginkizuntzat jo du gizon eta emakumeen artean «duintasun eta berdintasun harremanen aldeko ahaleginean jarraitzea, bizikidetza arduratsu eta bidezko bat izateko».