naiz
Gasteiz

Urrunketaren amaiera eta gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatu du LABek Gasteizen

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan eta euskal preso politikoen urrunketarekin eta dispertsio politikarekin amaitzeko eskatu eta gaixo daudenen eta zigorraren bi herenak bete dituztenen askatasuna aldarrikatu ditu.

LAB sindikatuak dispertsio politikaren amaiera aldarrikatu du Gasteizen. (@labsindikatua)
LAB sindikatuak dispertsio politikaren amaiera aldarrikatu du Gasteizen. (@labsindikatua)

Euskal preso politikoek eta haien senideek pairatzen duten urrunketa eta dispertsio politikaren amaiera defendatu du LAB sindikatuak arabar hiriburuko Andra Mari Zuriaren plazan gaur goizean egindako elkarretaratzean. Era berean, gaixo daudenen eta zigorraren bi herenak dagoeneko bete dituztenen askatasuna eskatu dute.

‘Euskal preso eta iheslariak kalera’ zioen pankarta baten atzean bildu dira eta giza kate bat osatu dute Andra Mari Zuriaren plazan. LAB sindikatuak Araban duen arduradunak, Gotzon Kortazarrek, adierazi duenez, «espainiar Estatuak mantentzen duen dispertsioa» salatu du, eta bide beretik, euskal preso politikoak «Euskal Herrian biltzea» aldarrikatu.

Zentzu horretan, bai Madrilgo zein Gasteizko Gobernuek azken aldian egin dituzten adierazpen ezberdinak ekarri ditu gogora, eta Euskal Herrian dauden «baldintza politiko berriak» nabarmendu. Hala ere, «inolako pausorik ez dela eman» salatu du.

Neurri hauek «gatazkaren betiko amaiera bat» aurkitzeko bidean kokatu ditu Kortazarrek.