NAIZ
MONT-DE-MARSAN

Abian da Mont de Marsan eta Zaballako espetxeak lotuko dituen bizikleta martxa

«Orain presoak» aldarriari eutsita abiatu da Mont de Marsango espetxetik Sarek eta Bagoazek antolatu duten bizikleta martxa. Baiona izango dute lehen helmuga eta astelehenean iritsiko dira Zaballara tartean Donostia eta Altsasun geldialdiak eginda.

Bizikleta martxa, Mont de Marsanetik abiatu ondoren. (Haritz LARRAÑAGA)
Bizikleta martxa, Mont de Marsanetik abiatu ondoren. (Haritz LARRAÑAGA)

Frantziako Estatuaren «borondate aldaketaren adierazle» den Mont de Marsango espetxetik abiatu da gaur goizean Sarek eta Bagoazek antolatu duten bizikleta martxa. Ekimenaren berri ematean adierazi zuten eragile bietatik espetxe horretan ikusi dela «gizarte zibilaren lanaren garrantzia».

Azken hilabetean sei euskal preso gerturatu dituzte –azkena, Javier Abaunza, gaur bertan jakin da– Frantziako Estatuan eta guztira 20 dira Parisek urruntze politika aldatu zuenetik gerturatutakoak. Presoen eskubideen aldeko eragileek ekimena aurkeztean Espainiako Gobernuak antzeko bidetik jotzeko adierazitako asmoa txalotu zuten eta urratsak falta dira orain.

Hala nabarmendu dute Sare eta Bagoazeko ordezkariek Mont de Marsango espetxe atarian egin duten ekitaldi laburrean. Inaxio Oiarzabal eta Emilie Martinek hartu dute hitza bi eragileen izenean eta azken hilabeteotan izandako mugimenduetan gizarte zibilaren ekimenak izan duen balio azpimarratu dute. Martinek gogoratu du, hala ere, gerturatzeaz gain gaixo diren presoak aske uztea eskatzen ari direla eta baita zigor luzeak beteta kalean egon beharko luketena ere. Espres aipatu ditu Ion eta Kepa Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haranburu. Oiarzabalek ere bide beretik gogoratu du larriki gaixo direnen egoera eta Espainiako Estatuan zigorren batuketak bertan behera uzteko beharra azpimarratu du eta baita euskal presoak lehen gradutik ateratzeko beharra ere. 

11.00ak pasatxo ekin diote txirrinduzaleek bideari Mont de Marsandik eta Baionara iritsiko dira gaur bertan. Larunbateko etapa Donostia artekoa izango da eta gandean Altsasura iritsi asmo dute. Astelehenean beteko dute ibilbidea Zaballan, aurrez Gasteiztik igarota.