NAIZ
BAIONA

Baiona eta Donostia arteko bidea egingo du «Orain presoak» martxaren bigarren egunak

Baionatik abiatu da ‘Orain presoak’ bizikleta martxaren bigarren etapa, Donostia helburu. Tartean, geldialdia egingo dute Errenterian, bazkaltzeko. Gipuzkoako hiriburura heltzean ekitaldia egingo dute, 17.30ean Zuloaga plazan.

Ekimeneko parte hartzaileak, Baiona eta Biarritz artean. (@sare_herritarra)
Ekimeneko parte hartzaileak, Baiona eta Biarritz artean. (@sare_herritarra)

Atzo, ostiralez, abiatu zen Mont-de-Marsaneko eta Zaballako espetxea lotuko dituen bizikleta martxa ‘Orain presoak’ lelopean. Ekimenaren helburua euskal preso politikoek pairatzen duten urrunketa politika salatzea da.

Bada Baionako Zizpa gaztetxetik abiatu da bigarren eguneko etapa, goizeko 10.00ak aldera. Donostia izango dute helburu larunbat honetan. Bertan, arratsaldeko 17.30ean, ekitaldia egingo dute Zuloaga plazan.

Ia 60 kilometroko jarduna dute aurretik ‘Orain presoak’ dinamikako kideek. Tartean, geldialdia egingo dute Errenterian, bazkaltzeko.