NAIZ

Auto ilarak sortu dira errepideetan irteera operazioa dela eta

Autopilaketak, batez ere, Irungo bidesarian eta Armiñonen –A-1 eta AP-1ak bat egiten duten puntuan– sortu dira, irteera operazioa dela eta. Goizeko lehen ordutik hona asko arindu da autoen joan etorria eta une hauetan ez da auto pilaketarik euskal errepideetan.

Irungo bidesarian sortu diren auto pilaketak. (@trafikoaEJGV)
Irungo bidesarian sortu diren auto pilaketak. (@trafikoaEJGV)

Zazpi kilometrorainoko auto ilarak sortu dira larunbat goiz honetan Irungo bidesarian, irteera operazioa dela eta. Estatu frantsesetik hegoalderako bidean ziren autoen kopuru handiak eragin ditu ilarak, Trafiko Zuzendaritzaren arabera.

Lakuako Gobernuaren Segurtasun sailak azaldu duenez, bost kilometro arteko autopilaketak sortu dira Armiñonen, A-1 eta AP-1ak bat egiten duten puntuan, Burgosko noranzkoan.

Irungo autopilaketak goizeko 6.00etan hasi dira eta 8.30ak artean zazpi kilometrorainokoak izan dira. Gero, eta autoen joan etorria pixka bat arindu bada ere, berriro sortu dira.

Eguerdi partean zazpi kilometro eta erdikoak ziren ilarak Irunen, kilometro batekoak Zarautzen eta bostekoek jarraitzen zuten Armiñonen.

Orduek aurrera egin ahala, baina, arindu egin da autoen joan etorria euskal errepideetan, auto ilarak desagertzeraino.