naiz
getxo

Alex Aranburuk palmaresa estreinatu du Getxoko Zirkuitoan indartsuena izan ostean

Caja Rural taldeko Alex Aranburuk profesionaletako lehen garaipena lortu du gaurkoan, Getxoko Zirkuitoan azken esprinean Carlos Barbero eta Jon Aberasturiri gailendu ostean. Taldearen urteko laugarren garaipena da.

Alex Aranburu, pozarren, garaipenaren ostean. (June PRIETO / FOKU)
Alex Aranburu, pozarren, garaipenaren ostean. (June PRIETO / FOKU)

Euskal Herriko Itzulian eta Norvegian garaipena gertu izan ostean, Alex Aranburuk Getxon lortu du bi eskuak altxatzea. Ezkioko 22 urteko txirrindularia nagusitasunez gailendu da aldapan gora jokatutako esprintean, Carlos Barbero (Movistar) eta Jon Aberasturiren (Murias-Euskadi) aurretik.

Hasiera-hasieratik sortu da ihesaldia. Mihaylov (Delko Marseille-KTM), Justin Oien (Caja Rural-Seguros RGA), Lopez-Cozar (Team Euskadi) eta Pablo Torres (Burgos-BH) nabarmendu dira, eta hiru minutuko abantaila izan dute Movistar eta Muriasek gidatutako tropelaren aurretik.

Azken itzulietan, Movistarrek erritmoa bizitu egin du, ihesaldiarekin amaituz eta tropela asko mehetuz. Mugimenduak izan dira hortik aurrera ere, batez ere Caja Ruralen eskutik. Movistarreko Carapaz ere bertan sartu da, baina Muriasen lanak ezer ezean utzi du saiakera. Talde urdinak, ekuatorriaren saiakeraren ostean, berriz ere hartu du kontrola eta azken esprintera bideratu du tropela.

Azken metroak 800 metroko %7ko penditza duen maldan aurkitu dituzte txirrindulariek, eta bertan Alex Aranburu izan da indartsuen. Haren atzetik sailkatu da iazko eta 2014ko irabazle Carlos Barbero. Jon Aberasturi arabarra hirugarren sailkatu da Getxoko Ricardo Otxoa memorialean.