@gara_miantzi
Bera

Errepresaliatu eta senideak omenduz, «gora askatasuna!» oihukatuz hasi dira Berako bestak

Berako «ahantziek» bota dute gaur bestei hasiera eman dien altxaferoa, plaza herritarrez betea zela, baita udaletxea ere. Bertan bildu dira Carmen eta Genoveva Aldazabal ahizpak, 1936ko gerrako errepresaliatuak, 92 eta 90 urtekoak, eta Francisco Perez Lusarreta nazien kontra borrokatu zen gudaria, atzo 96 urte bete zituena. Han elkartu dira hainbat senide ere; fusilatuenak, duela 82 urte San Esteban Egunez herritik bota zituztenenak, askatasunaren alde dena eman zutenenak, oraindik desagertuak daudenenak. Batzuek orain ezagutu dute elkar eta hurrengo omenaldirako gelditu dira, azaroaren 18an eginen den ekitaldi instituzionalerako.

Francisco Perez Lusarreta, Carmen eta Genoveva Aldazabal eta senideak, txupinazioa botatzen. [Iñigo URIZ / FOKU]
Francisco Perez Lusarreta, Carmen eta Genoveva Aldazabal eta senideak, txupinazioa botatzen. [Iñigo URIZ / FOKU]

«Berriz idatzi nahiko genuke hogeita hamaseiko historia/ Horren lekuko zarete zuek, plaza eta harrobia/ Toki tristeak dira atzerria, espetxea, hilobia/ Baina hegan dator egiarekin justiziaren txoria/ Beran bizirik mantenduko da zapalduen memoria». Bertso horixe oparitu die Berako Udalak errepresaliatu eta senideei, krabelin eta zapi gorri batekin batera, egia, justizia eta erreparazioan oinarritutako bake eta bizikidetzaren alde egindako ekitaldian.

Udalaren ekimena izan da, baina herritarrengandik ateratakoa, «ahantziei» aitorpena egin nahian. Francisco Perez Lusarreta Berako zahar egoitzan bizi den gudariak, Meliton Manzanasek torturatu zuenak, piztu du suziria, hatzekin garaipenaren ikurra marraztuz. Protagonista izan dira Carmen eta Genoveva ahizpak ere, hauek ere faxistek ekarritako izua azalean sufritutakoak.

Lusarretak dioen bezala, «memoriaren etsaia ez da denbora; isiltasuna da». Eta hori puskatu dute gaur «askatasun guzien alde, gora Berako bestak!» oihuarekin, duela 82 urte ezin izan zutenen omenez egun hauek gozatzera gonbidatuz. «Nireganako zapalketa guztien ondotik, gaur arte biziari eusteko zortea izan dut eta ezin gusturago nago –erran digu nazien kontra borrokatu zen gudariak–. Iritsi naizen tokira iristea hagitz zaila da. Desagerrarazi nahi izan ninduten. Bota egin ninduten eta bi urte eta erdi egon nintzen deportatua. Euren kontrako giroa berotu nezakeela pentsatzen zuten».

Ekitaldi hunkigarria izan da, hiru protagonista errepresaliatuentzat soilik ez, senideentzat ere bai. Hauek eskerrak eman dizkiote aurrena Udalari eta gero familiei, «askatasunaren alde egin duten borrokagatik, beren zintzotasun eta duintasunarengatik».