Iruñeko Maravillas gaztetxeari babesa adierazi diote Sortuk, LABek eta Ernaik

Iruñeko Sortuk nabarmendu duenez, Alde Zaharreko Maravillas gaztetxearen desalojoa gauzatzen bada «aldaketa da galtzailea eta erregimena irabazlea». Horregatik ez du ulertzen «desalojo prebentiboa» eskatzeko Geroa Baik hartu duen jarrera eta «interlokuzioa berrabiarazteko» deia egin dio alderdi abertzaleak. Ernai gazte antolakundeak ere babesa adierazi dio proiektu autogestionatu horri, auzoaren «arnasgune» izatearen garrantzia nabarmenduta. LABek ere salatu du gaztetxea husteko mehatxua. 

NAIZ|IRUÑEA|2018/08/09 10:31|Iruzkin 1
Maravillas
Maravillas gaztetxeko asanbladako kideek beren egoeraren berri emateko agerraldia egin zuten Nabarrerian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Ohar banatan, Iruñeko Sortuk, Ernai gazte antolakundeak eta LAB sindikatuak babesa adierazi diote Alde Zaharreko Maravillas gaztetxeari, halako proiektuek auzo eta herriei «bizia» ematen dietelako eta «aldaketan sakontzeko tresnak» direla iritzita. 

«Gure herriarentzako eraldaketa sozial sakona bilatzen dugunok, hori behetik gora eraiki behar dela dakigu», azpimarratu du Iruñeko Sortuk. 

Alderdiak adierazi du ez duela ulertzen proiektu horren aurrean «Geroa Baik harturiko jarrera, desalojo prebentiboa eskatuz», eta Maravillasekin «interlokuzioa berrabiarazteko» deia egin dio. 

«Desalojoa ematen bada, aldaketa da galtzailea, eta erregimena irabazlea (UPN-PSN-botere faktikoak); eta ematen ez bada, guztiok jarrai dezakegulako aldaketaren aldeko gure aletxoa ematen, guztiok gara irabazle, aldaketa da irabazle», esan du Sortuk. 

Auzoaren «arnasgunea»

Ernaik, bere aldetik, «Nafarroan sortutako paradigma politiko berriarekin batera» gazte mugimenduak «hamaika proiektu eta tresna sustatu eta garatu» dituela azaldu du. 

«Ustelen erregimenari aurre egin eta poltronatik kanporatu ostean, forma eta irudi ezberdinetako proiektu alternatiboen bidez, kontraboterearen eraikuntzan aritu gara Nafarroako gazte mugimenduok burubelarri. Hau honela, autoantolakuntza eta autogestioa oinarri, honetarako tresna diren hainbat gaztetxe eta bestelako espazio autogestionatu jaio dira gurean», gaineratu du gazte antolakundeak, proiektu horiek «tokian tokiko errealitatean» eragiteko duten gaitasuna azpimarratuz. 

Nafarroan jaio diren proiektu eta egitasmo berri horiek txalotzearekin batera, «ezin dugu ahaztu berehalako desalojo arriskuan aurkitzen den Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxea». «Alde Zaharra bezalako auzo batean horrelako proiektu batek suposatzen duen arnasgunea eta honen biziraupenak daukan balioaz jabeturik, elkartasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarrituta, gure egiten dugu proiektuaren defentsaren aldeko aldarria», esan du Ernaik. 

LABen elkartasuna

LAB sindikatuak, bere aldetik, Maravillas gaztetxearen defentsan eta hustearen aurka mobilizatzeko deia egin die langileei. «Ez dugu indarrez hartutako neurririk onartuko», ohartarazi dute.

Nafarroako Gobernuari eraikina husteko agindua bertan behera uzteko eta elkarrizketaren bidezko irtenbide baten alde egiteko eskatu dio sindikatuak.

Zentzu horretan, LABen iritziz «zaila» da ulertzea Geroa Baik espazio hori husteko duen «grina». «Geroa Bairen jarreraren oinarrian ez dago nafarren interes orokorra, autogestionatutako gazteen proiektuen aurkako gorroto ideologikoa baizik», salatu dute.

Gobernuak «akordio bat lortzeko inongo saiakerarik» ez duela egin gaitzetsi du sindikatu abertzaleak eta epaitegian hutsaraztea eskatuta «indar polizialei argi berdea eman die esku hartzeko, horrek ekar ditzakeen ondorioekin».

«Jarrera honek ez du zerikusirik aldaketaren alde egin zuen gehiengo sozialaren nahiarekin. Geroa Bairen jarrerak Alfredo Jaime eta Yolanda Barcinaren garaia ekartzen digu gogora, Euskal Jai Gaztetxea hustu zutenekoa», azpimarratu du sindikatu abertzaleak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK