NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako Ogasunak iaz baino 85 milioi euro gehiago bildu ditu

Zerga bilketa metatua %3,9 hazi da Gipuzkoan 2018 hasieratik uztailera arte, iazko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2.282 milioi euro batu ditu Gipuzkoako Foru Ogasunak, 2017an baino 85 milioi gehiago.

Gipuzkoako Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez zerga nagusiek bilakaera positiboa izan dute, hala nola, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak (PFEZ), Sozietateen gaineko Zergak eta Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ).

Aitzitik, eragin negatiboa izan duten kontzeptuen artean, nabarmentzekoa da BEZaren Estatuarekiko doikuntzak jaitsi izana. Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, ekonomiaren bilakaera positiboan jarri du azpimarra, enplegu eta soldaten hobekuntza nabarmenduz.

Zergaz zerga, eta Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 44 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,7). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenak, 8 milioi euro gehiago bildu baitira (+%79,8), eta kapital higikorren etekinen atalean, bere aldetik, 0,7 milioi gehiago jaso dira (+%2,8). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 75 milioi gehiago bildu dira eta (+%10,1).

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, 30 milioi euro gehiago batu dira (+%29). Zehazki, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptuak, 10,8 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 16,1 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 26,9 milioi eurotan gutxitu dira.

Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %6,9 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 43,5 milioi euro gehiago: 33,5 milioitan hazi dira sarrerak (+%4,3), itzulketak 29,4 milioitan igo (+%8,6) eta lurraldeko arteko doikuntzak 39,5 milioitan hazi dira (+%19,9).