naiz
Donostia

Real Madridek utzita, Theo Hernandezek Realean jokatuko du

Real Madridekin eta Theo Hernandezekin akordioa lortu ostean, atzelariak Realean utzita jokatuko du hurrengo asteburuan hasiko den denboraldi berrian. Jokalaria bere taldekide berriekin Alemaniara bidean da, bihar Stuttgarten aurka eta igandean Friburgoren aurrean jokatzeko.

Realak akordioa lortu du Real Madrid taldearekin Theo Hernandez jokalariak utzita jokatzeko 2018-2019 denboraldian zehar. Donostiarrek ez dute, denboraldiaren amaieran, jokalaria erosteko aukera berezirik izanen. Klub txuri-urdina aldi berean akordio batera iritsi da frantsesarekin.

Atzelariak ohiko azterketa medikua pasa du eta aurkezpen ofiziala hurrengo egunetan izango da. Atzo gauean iritsi zen Donostiara eta gaur goizean azterketa medikua gainditu du, Anoetako ezker hegaleko atzealdea indartu asmoz.

Honen ostean, Zubietara abiatu da frantziarra eta nahiz eta ez duen bere taldekide berriekin entrenatzeko aukerarik izan, Alemaniara bidaiatuko du, bihar Stuttgarten aurka eta igandean Friburgoren aurrean jokatzeko.

Majadahonda eta Atletico de Madrilen harrobian hazi ostean, 2016-2017 denboraldian Alavesen utzita aritu zen. Denboraldi itzel batek, Real Madrilekin fitxatzeko aukera eman zion. Hala ere, Zinedine Zidanen aginduetara ez zuen aukera handirik izan eta minutuak bilatuko ditu Donostian.

Mikel Merinoren fitxaketaren atzetik, hau da Asier Garitanoren Realak denboraldi berriari begira duen bigarren fitxaketa. Hala ere, taldea ez dago itxita, eta hainbat hedabideren arabera Yusuf Yazici turkiar gaztea Donostiatik gertu egon liteke.