Zezenketen aurkako manifestazioa egin dute Donostian

Donostia Antitaurina Orain, Eguzki eta Askekintza taldeek deituta, 1.300 lagun inguru bildu dira, Aste Nagusia hasi aurretik, zezenketen aurkako manifestazioan. «Dibertsio hutsagatik» animaliei tratu txarrak ematea gaitzetsi nahi izan dute mobilizazio honekin. 

NAIZ|DONOSTIA|2018/08/11 19:08|0 iruzkin
Zezenketa
Zezenketen aurkako manifestazioa Donostian, Aste Nagusia hasi aurretik. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Zezenketarik gabeko jaiak aldarrikatzearekin batera, herritarren hitzari entzungor egitea leporatu diote Udalari eta salatu dute Donostiako Aste Nagusian 30 zezen hilko dituztela. 

‘Zezenketarik ez. Ez Donostian ez inon’ lemapeko pankarta baten atzetik, 1.300 lagun inguru bildu dira Donostiako kaleetan, Aste Nagusiaren hasiera ofizialerako gutxi falta zela, zezenketen aurkako aldarria zabaltzeko.  

Bulebarretik abiatu den mobilizazioaren amaieran, talde deitzaileen izenean (Donostia Antitaurina Orain, Eguzki eta Askekintza) Aitor Marinek hartu du hitza eta beste urte batez festetan zezenketak egitea salatu du, nahiz eta, azpimarratu duenez, iaz Udalak egin zuen inkestaren emaitzek adierazi donostiarren %18a bakarrik dagoela zezenketen alde.

Horregatik, Eneko Goia buru duen Donostiako Udalari herritarren nahia ez errespetatzea leporatu diote manifestazioa deitu duten taldeek.

Era berean, «dibertsio hutsagatik» animaliei tratu txarrak ematea gaitzetsi dute, gogoratuz jai hauetan zehar «krudelki» 30 zezen hil egingo dituztela.

Besteak beste, EH Bilduko zinegotziek ere parte hartu dute manifestazioan. 2019ko udal hauteskundeetan koalizioaren alkategaia izango den Reyes Karrere han izan da.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK