NAIZ
Friburgo

Friburgoren etxean berdinduta aho zaporea hobetzea lortu du Realak (1-1)

Ez du ongi amaitu denboraldi-aurrea Realak, baina iragan neurketek utzi aho zapore garratza gozatzeko balio izan dio bederen Friburgoren aurka erdietsitako berdinketak (1-1).

Theo Hernandezek debuta egin du Realarekin. (@RealSociedad)
Theo Hernandezek debuta egin du Realarekin. (@RealSociedad)

Aurre-denboraldiko azken neurketan izan bada ere, denboraldiko lehen partidara arteko bidea apur bat zuzentzea lortu du Realak igande honetan. Sikiera ez du galdu Friburgoren etxean (1-1), eta Theo Hernandezek debutatu ahal izan du.

15. postuan amaitu zuen Friburgok Bundesligan iragan denboraldian, beraz, berdinketa lortu izana ez da suziriak jaurtitzen hasteko moduko albistea. Baina, aurreko neurketekin alderatuta itxura hobea eman du Realak, denboraldi-aurrea uzten ari zen aho zapore garratza apur bat gozatuz.

Donostiarrak izan dira markagailuan aurreratu direnak, eta Juanmi izan da golegilea. Buruz egin du gola Malagako aurrelariak, Pardok erdiratu duen korner bat aprobetxatuta. Behin markagailuan aurreratuta, Realak eraman du neurketaren iniziatiba.

Kontrolpean zuen neurketa Realak, harik eta Gorosabelek penaltia egin duen arte. Lehenengo zatiko 30. minutua zen, eta banakoa jarri dute markagailuan alemaniarrek. Gola jaso izanagatik ere ez dute donostiarrek bururik galdu. Joko ona egin dute neurketaren hainbat fasetan, alemaniarren ate ingurura erraztasunez iritsiz.

Bigarren zatian jaitsi egin da neurketaren erritmoa. Beroak bere eragina izan du, eta soropilaren egoerak asko zaildu du donostiarren baloiari bizitasuna emateko asmoa. Halaber, izan da albiste onik ere bigarren zati horretan: Theo Hernandezen debuta. Gehiegi nabarmendu gabe, ongi egin ditu gauzak Real Madriletik utzita etorri den atzelariak.

Lau porrot eta berdinketa bat. Hala amaitu du denboraldi-aurrea Realak. Ez da modurik hoberena datorren larunbatean Villarreali aurre egiteko.