NAIZ
DONOSTIA

Uriarte sailburuak alarde baztertzailea bultzatzen duela salatu du Steilasek

Steilas sindikatuak alarde baztertzailearen alde egitea leporatu dio Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuari, desfile horretan parte hartuko duen alabarekin argazki batean atera ondoren.

Cristina Uriarte sailburua, Legebiltzarrean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Cristina Uriarte sailburua, Legebiltzarrean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ohar baten bitartez, Steilas sindikatuak salatu du «larria» dela «edozein kargu publikok bere presentziaz alarde tradizionalaren praktika baztertzaileen alde egitea» eta gaineratu du «are larriagoa» dela Hezkuntza sailburua izatean «modu aktiboan» parte hartzen duena.

«Zein mezu bidali nahi ote dio hezkuntza komunitateari egiten diren berdintasun politiken inguruan?», itaundu du sindikatuak, eta jarraian beste galdera batzuk plazaratu ditu: «Hezkuntza sailburuak ez ote luke salatu beharko alarde mixto eta berdinzalean parte hartzearen alde egiten dutenek jasaten dituzten erasoak? Eusko Jaurlaritzak ez al du onartu behar Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak alarde mixtoaren alde emandako epaia, ospakizun publiko batean genero arrazoiengaitik ezin dela bazterketarik egin arrazoitzen duena?».

Steilasek gogoratu du hogei urte baino gehiago igaro direla mugimendu feministak eta Irun zein Hondarribiko alardean berdintasunean parte hartzeko aldarria egiten ari direnetik. Hala ere, alarde baztertzailearen aldekoek «kantineraren papera indartu» egin dutela gaitzetsi du. Horrela, Steilasen aburuz, «kontrako mezu zuzena bidali diete alarde mixtoaren alde egiten duten pertsonei».

Keinu honek, aipatu sindikatuaren esanetan, «Emakunderen politikekin talka egiten du», Hondarribia eta Irungo alarde berdinzaleei eman baitzien 2011ko saria. Arartekoak ere «alarde mistoaren eta elkarrizketaren alde» egin izan duela ohartarazi dute.

Cristina Uriarteren alaba alarde baztertzaileko konpainia batekin hartuko du parte desfilean, kantinera gisa. Izendapenaren ondoren, Hondarribiko alardeak gaztearen argazki bat zabaldu zuen sare sozialetan, inguruan hainbat pertsona zituela, tartean sailburua bera.

Aurrez ere izan da afera honen inguruko polemiketan nahastuta Cristina Uriarte (Hondarribikoa da). 2014an, EH Bilduk eskatuta, azalpenak eman behar izan zituen Legebiltzarrean, koalizioak desfile baztertzailea antolatzen duen Alarde Fundazioaren ekitaldi batean parte hartzea leporatu ziolako. Sailburuak argudiatu zuen ez zela elkarte horren egoitzaren inauguraziora joan, pintura erakusketa batera baizik.