NAIZ
GASTEIZ

Ekoizpena bost egunez etengo du urrian Mercedesek Gasteizko lantegian

Diesel automobilen inguruan nazioarteko merkatuan dagoen ziurgabetasun egoera dela medio, urrian bost egunez etengo du ekoizpena Mercedesek Gasteizko lantegian, baina geldialdi hori ez da aldi baterako erregulazio espediente baten bitartez egingo.

Mercedesen Gasteizko lantegia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Mercedesen Gasteizko lantegia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Sindikatuetako iturriek Efe agentziari jakinarazi diotenez, urriaren 8, 9, 10, 11 eta 15ean etengo dute ekoizpena, 12a eta 14an Estatu espainiarrean jaiegunak direla aintzat hartuta.

Enpresa batzordeko presidenteak eta idazkariak bilera egin dute zuzendaritzarekin eta informazio faltarengatik haserrea helarazi diote.

Iturriek azaldu dutenez, eten honek ez du aldi baterako erregulazio espediente bat ekarriko, langileek pilatuta dauzkaten orduak baliatuko baitira horretarako.

Gaineratu dute honakoa ez dela espero duten geldialdi bakarra eta seguraski abenduan beste bat izango dela.

Egun 5.400 langile inguru ditu Mercedesek Gasteizko lantegian.

Landabengo Volkswagenek fabrika zortzi egunez ixtea erabaki zuen –irailaren 3tik 7ra eta zehaztu gabeko beste hiru egun–, motorrak falta zaizkiolako, baina kasu honetan aldi baterako espediente baten bidez egin zuten.