NAIZ
BERLIN

Alemaniako Eliza katolikoaren baitan 3.677 sexu-abusu kasu dokumentatu dituzte

Alemaniako Eliza katolikoaren txosten batek 3.677 sexu-abusu kasu jaso ditu 1946tik 2014ra, 1.670 apaizek eginikoak. Gehiegikerien biktimen erdia inguru 13 urtetik beherako haurrak ziren, eta sei kasutatik batean «nolabaiteko bortxaketa» izan zen.

Alemaniako ‘Der Spiegel’ kazetak gaur zabaldu duenez, herrialde horretako Apezpikuen Batzarrak Eliza katolikoan izan diren sexu-abusuei buruzko txostena egiteko enkargatu zien Mannheim, Heidelberg eta Giessen-eko unibertsitateetako hainbat adituri. Txostenaren ondorioetan 3.677 sexu-abusu kasu jaso dituzte, 1946tik 2014ra gertatutakoak eta 1.670 apaizek eginikoak.

Sexu-abusuen biktima izan zirenen artean erdia inguru 13 urtetik beherako haurrak ziren, eta sei kasutatik batean behintzat «nolabaiteko bortxaketa» izan zen. Era berean, biktimen herenen kasuan, sexu-gehiegikeriak eragin zizkietenak beren aitorleak edo beraiekin harreman erligiosoa zuten apaizak ziren.

Txostena Alemaniako Apezpikuen Batzarrak eskatu zuen, 2010ean argitara eman zen sexu-abusuen eskandaluaren ondotik, eta ondorioak irailaren 25ean aurkeztuko ditu Reinhard Marx kardinalak.

Unibersitateetako adituek herrialdeko 27 elizbarrutietan dauden 38.000 akta eta agiri aztertu dituzte txostena egiteko. ‘Der Spiegel’ aldizkariaren arabera, barne dokumentu horiek guztiak «erabat konfidentzialak» ziren eta orain arte ez dira argitara eman.

Txostenean diotenez, dokumentatu dituztenez gain ikertu ezingo diren beste hainbat kasu daude –«kopuru ilun bat»–, aktak suntsitu egin zirelako edo lekukorik ez dagoelako.

Adituen arabera, sexu-abusuak «arazo masiboa» dira Eliza katolikoaren baitan eta gaur egun ere gertatzen dira.

2011. urtean Apezpikuen Batzarrak 5.000 euroko kalte-ordaina eskaini zion sexu-abusuen biktima bakoitzari. Mila lagun inguruk egin zuten eskaera.