NAIZ
DONOSTIA

Eraso matxisten prebentzioan erakundeek duten erantzukizunaz ohartarazi du EH Bilduk

Udan zehar izandako eraso matxisten kopuruak arduratuta, prebentzioaren arloan erakundeek duten erantzukizunaz ohartarazi du EH Bilduk. Mugimendu feministarekin elkarlana bultzatzeko beharra azpimarratzeaz gain, murrizketak salatu eta aurrekontuetan berdintasun politikek lehentasuna izan behar dutela nabarmendu du koalizioak. 

Olano eta Almirall, Gipuzkoako zenbait herritako alkate eta zinegotziekin. (Gorka RUBIO/FOKU)
Olano eta Almirall, Gipuzkoako zenbait herritako alkate eta zinegotziekin. (Gorka RUBIO/FOKU)

Gipuzkoako EH Bilduk udan zehar izandako eraso matxisten inguruan kezka adierazi eta arazo honen inguruan irakurketa egiteko prentsaurrekoa eman du.

Xabier Olanok, EH Bilduko Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Amaia Almirallek, Donostiako udaleko koalizioaren bozeramaileak hitz egin dute eta beraiekin izan dira udan zehar erasoak jazo diren Gipuzkoako hainbat herrietako zinegotzi eta alkateak. Besteak beste, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Alegia, Hondarribia, Villabona eta Beasaingoak.

«Erakundeek erantzukizun eta paper garrantzitsua daukagu afera honetan. Ezin dugu onartu eguerdian argazkirako pankarta eusten egon eta ondoren baliabideak murriztea. Diputazioak eta udalek egoerari behar den moduan erantzun behar diogu, eta gaiari duen lehentasuna eman», esan du Olanok.

Berdintasunerako foru arauak 2020. urterako Gipuzkoako Aldundiak arlo horretako politikak sustatzera bideratu beharrekoa aurrekontu osoaren %1a izan behar duela badio ere, egun «ez gara hurbildu ere egiten», EH Bilduk salatu duenez.

«2018ko aurrekontu osoa 857 milioikoa izanik, %1a 8,57 milioi lirateke eta aurten 1,98 milioiko aurrekontua bideratzea erabaki du Aldundiak. 8,57 milioitik 1,98 milioira, alde oso handia dago», azpimarratu du Olanok eta gaineratu du partida garrantzitsu gehienetan izoztuta mantendu dela berdintasunerako aurrekontua.

Berdintasun politikak aurrekontuetan lehentasunezkoak izan behar dutela berresteaz gain, Almirallek gaineratu du EAJk eta PSEk ez dutela mugimendu feministekin inongo sarerik eta elkarlanik bultzatzen. 

«Iruñeko adibidea jarraitu beharrean, non instituzioek, mugimendu feministak eta hiritarrek indarkeria matxistaren aurka batera jotzea lortu den, Donostian eta Gipuzkoako herri ugaritan elkarlana testimoniala da, mugimendu feminista behin eta berriz salatzen ari den moduan. Zentzu honetan, aurtengo sanferminetan eraso bakarra egon izana ez da kasualitate bat», esan du.

«Jaizkibelek sufritutakoa eraso maxista izan zen»

Iragan asteburuan Hondarribian jazotakoari ere aipamena egin diote agerraldian. «Jaizkibel konpainiak larunbatean sufritutakoa eraso matxista izan zen eta bada garaia Gipuzkoako Aldundiak arduraz joka dezan», adierazi du Olanok.

2018an halakoak gertatzea «guztiz lotsagarria eta onartezina» dela uste du EH Bilduk eta, horregatik, koalizioak iragarri du batzarkide taldeak Markel Olano ahaldun nagusia interpelatuko duela hurrengo osoko bilkuran.