'Iraultza Txikien Akanpada', «bizitza erdigunean» irailaren 21, 22 eta 23an Zubietan

Lurralde Askea kolektiboak hiru eguneko proposamena antolatu du Zubietan datorren asteko astebururako 'Iraultza Txikien Akanpada' (ITA) izenburupean. Herritarren eta herri mugimenduen topaketa zabala egin asmo dute «bizitza erdigunean» jarrita eta «konplizitateak eraiki, elkarrekin hausnartu eta konspiratu» asmoz.

NAIZ|2018/09/14 10:52|0 iruzkin
Ita-lurralde-askea
Zubietan egin duten agerraldia ekimena aurkezteko. (Lurralde Askea)

«Euskal Herri osoko herritar eta herri mugimenduei dei egiten diegu bertaratzera eta asteburu zoragarri bat pasatzera. Bertan konplizitateak eraiki, elkarrekin hausnartu eta konspiratu, egin dezakeguna irudikatu eta alternatibak praktikan jarriko ditugu», horiek 'Iraultza Txikien Akanpada'-ren asmoak. Irailaren 21, 22 eta 23ko astebururako egin du deia Lurralde Askea kolektiboak «bizitza erdigunean» jarriko dutela iragarrita.

Egitarau oparoa prestatu dute hiru egun horietarako (bazterrean atxikita egitarau osoa), zortzi saiotan banatuta. Ostiralean 'Lurrikaren erdian gu berri bat?' izenburuko mahai ingurua izango da Euskal Herriko Eskubide sozialen karta, Emakumeen Mundu Martxa, Amankomunak eta Hiritarron harrera sarearekin.

Larunbat goizeko ardatza herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanen «ezin eta eginak» zehaztuko dute eta baita «eraso matxistak gure espazioetan» izenburua jarri dioten mahai inguruak ere. Bilgune Feminista, Ezker Abertzalea eta Joxemi Zumalabe fundazioa izango dira gidari eta emakumeei zuzendua izango da. Aldi berean gizonentzako beste saio bat prestatu dute 'Zergatik egiten dugu gizonok eraso?' izenburupean eta Gizonenea, Zipriztintzen eta Toka kolektiboek gidatua.

Eguneroko bizitzan burujabetza garatzeko alternatibak, herri mugimenduen borroka moldeak, Kataluniako prozesu independentista eta militantzia ereduak ere izango dituzte hizpide mahai inguru eta tailer ezberdinetan.

«Antolatuko al dugu zerbait elkarrekin datorren udaberriari begira?»

Egitarauan nabarmentzekoa da larunbat iluntzerako eta igande eguerdirako antolatu duten saio parea. 'Elkarrekin konspiratuz, piztu ditzagun etxeak eta kaleak!' izenburua jarri diete bi saio hauei. Antolatzaileek aurreratu dute «Euskal Herri osoko jende saltseroa» batuko direnez baliatu nahi zutela aukera «konspirazio handi bat» antolatzeko. Hauxe aurreratutakoa: «Antolatuko al dugu zerbait elkarrekin datorren udaberriari begira? Hiru izango dira galderak: Zer? Nola? eta noiz? Erantzunik ez dago aurretik pentsatuta. Ea zer ateratzen den!»

Adin guztietako pertsonentzat antolatutako asteburua da, haurrentzat ere izango dira jolasak, eskulanak, antzerkiak... Otorduak ere antolatzaileen esku izango dira eta parte hartzaileek lotarako zakua eta kanpina eraman behar dute. Pare bat kontu ere bai, antolatzaileen deialdian, «musika tresnak eta bizipoza».

LOTURAK