NAIZ
GERNIKA

Kataluniari elkartasuna adierazteko ekitaldia egingo du Gure Esku Dagok Gernikan

Kataluniako erreferendumaren lehen urtemugaren harira, irailaren 29an, Gure Esku Dagok ekitaldia egingo du Gernikan, demokrazia defendatu eta Kataluniari, preso politiko, erbesteratu eta errepresaliatuei elkartasuna adierazteko. Edozein herrik bere etorkizuna erabakitzeko duen askatasunaren aldeko mezua zabalduko dute.

Gure Esku Dagoko kideak, irailaren 29an Gernikan egingo duten ekitaldiaren aurkezpenean. (GURE ESKU DAGO)
Gure Esku Dagoko kideak, irailaren 29an Gernikan egingo duten ekitaldiaren aurkezpenean. (GURE ESKU DAGO)

Gure Esku Dagok Gernikan egin duen agerraldian iragarri duenez, heldu den irailaren 29an ekitaldi «berezi eta historikoa» egingo du herri horretan, Kataluniako erreferendumaren lehen urteurrenaren karira. Iazko urriaren 1ean Kataluniako herritarrek izan zuten «determinazioa, ahalduntzea eta jarrera baketsu eta demokratikoa» gogora ekarri ditu, baita «euren etorkizuna erabaki nahi zuten herritarren aurka Espainiako Estatuak erabilitako indarkeria eta errepresioa» ere.

Urtebete igaro dela, erreferendum haren garrantzia nabarmendu dute Angel Oiarbidek eta Marijo Vallejo Gure Esku Dagoko kideek, eta «demokrazia, bakea eta askatasunaren alde lan egin zuten eta lanean jarraitzen duten herritarren duintasuna» txalotu dute.

Drmokrazia defendatzeko eta Kataluniari, preso politiko, erbesteratu eta errepresaliatuei eta haien senideei elkartasuna adierazteko ekitaldia izango da irailaren 29koa, Gernikako Udalaren, Gure Esku Dagoren eta bertako eragile sozialen elkarlanaren emaitza.

Aipatu eragileen eta Gernikako bizilagunen artean obra kolektibo bat sortzeari ekingo diote datozen asteetan, eta hilaren 29an borobilduko dute, «kutsu artistiko eta politiko handiko» ekitaldi batekin.

Azaldu dutenez, bi helburu dituzte: batetik, Gernikan batzea Euskal Herriko eta Kataluniako eragile politiko eta sozialak zein oinarrizko aldarrikapen horrekin bat egiten duten herritarrak, eta, bestetik, erabakitzeko eskubidearen aldarria eta «urriaren 1eko erreferendumaren dimentsio politikoa nazioartera zabaltzea, era ikusgarri batean».

Hala, Euskal Herriaren askatasunen sinbolo den herri horretatik «edozein herrik bere etorkizunaz erabakitzeko duen askatasunaren aldeko mezua» zabalduko dute, eta euskal herritar guztiak gonbidatu dituzte «ekitaldi ireki, berezi eta historiko» horretara joan daitezen.

«Iaz Bilboko kaleak betez bidali genituen elkartasun besarkadak Kataluniara. Aurten Gernikan egingo dugu bat guztiok Kataluniara ez ezik, mundura ere zabaltzeko mezua: askatasuna erabakitzea da».