@gara_miantzi
ZUBIETA

«Ustelak lurpera, bizitza da handiena» aldarria, Zubietako erraustegiaren ateraino

Familia ugari, gazte kuadrillak, helduak, adinekoak, denetariko jendea bildu da Zubieta herrigunean, Iraultza Txikien Akanpadaren hirugarren eta azken egunean. Bazkalondoren, omenaldi beroa jaso dute aitzineko legegintzaldian Zubietako erraustegia gelditzea lortu zutenek. Ondotik, buzo txuriak jantzi eta mendian goiti abiatu dira, erraustegia helmuga, ez planta erraldoi hori, ez espetxea eta ez kuartela ez direla ukiezinak erakusteko. Ertzainek moztu diete bidea, grabatzearekin batera.

Erraustegiaren perimetro guztia hartu du Ertzaintzak. (Jon URBE/FOKU)
Erraustegiaren perimetro guztia hartu du Ertzaintzak. (Jon URBE/FOKU)

Beroa eta hunkigarria izan da herritarrek Zubietako frontoian erraustegia gelditu zuten ordezkari politikoei egindako aitortza. Oholtza gainean ziren Xabier Mikel Errekondo, aurreko legealdian Usurbilgo alkatea zena, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkate zena, Enrike Lekuona Oiartzungo zinegotzi zena eta Joxe Mari Iturbe Antzuolako zinegotzi zena. Atez ateko sistema ezarri zuten, eta lagun izan zituzten horretan San Marko Mankomunitateko ordezkariak, Rikardo Ortega Lasarte-Oriako zinegotzia eta Imanol Azpiroz, Usurbilgo zinegotzia.

Elkartutako herritarrek nabarmendu dutenez, 2011-15 legegintzaldian, Gipuzkoan hondakinen ardura zutenek «adorea eta indarra» erakutsi zuten «gipuzkoarrek eskatu zietena bururaino eramateko: erraustegia gelditzeko». GHK-ko lehendakari zen Ainhoa Intxaurrandieta eta Ingurumen diputatu zen Iñaki Errazkin epaitu egin zituzten horregatik eta epaiaren zain daude. «Frogatu dute politikari guztiak ez direla berdinak eta posible dela konpromisoak betetzea».

Esker oneko txalo zaparrada goxoa eskaini diete guztiei eta Ainhoa Intxaurrandietak hitza eskatu du. «Eskerrik asko zuen babesagatik eta begiruneagatik. Gogorra izaten ari da, baina aurrera egingo dugu tinko». Amona zubietarra zuela kontatu du. Lezon bizi zela semea, Ainhoaren aita, Zubietara ekartzen zuen udaro, arnasgunea zelako. «Amonaren etxea natura da, ingurumena, errespetua, amalurra. Gu guztion amonen etxea».

«Mezu bidali nahi diet Errazkin eta biak egoera honetan jarri gaituztenei: Denis, Asensio, Olano... Soldatak enbargatuko dizkiguzue, agian etxea kendu, baina harro gaude egindakoaz. Eta berriro ere geldituko dugu erraustegia. Gure amonen etxeak iraunen du zutik! Gora Zubieta!», bukatu du, eta jendeak txaloz hartu du.

Plantara martxa

Ekitaldia bukatuta, buzo txuriak jantzi eta bi zutabetan mendian gora abiatu dira herritarrak. Asmoa, «kartzela, kuartela eta erraustegia ez direla ukiezinak erakustea». Puntu batean, jada azpiegitura erraldoia ikusten zela, gelditu egin ditu bi zutabeak Ertzaintzak, bideo kamerarekin grabatzeaz gainera. Helikoptero bat ere begira-begira egon da denbora osoan.

«Ustelak lurpera, bizitza da handiena!» eta «Ez, ez, ez, erraustegirik ez!» garrasiak egin dituzte ertzainen aitzinean. Eztabaidan ere aritu dira hauekin. Ea zergatik ezin diren pasatu galdetu dietenean, manifestazio bat dela eta ez dutela baimenik erantzun diete poliziek.

Bigarren zutabean, kargatu ere egin du Ertzaintzak eta zaurituak egon dira.