Kim Jee-woon: «Zinemak ez du mundua aldatuko, baina lagun dezake»

Bi Koreak bateratua dauden etorkizun hurbila irudikatu du Kim Jee-woon zinegile korearrak ‘Illang: The Wolf Brigade’ film distopikoan. Tentsio sozialak tiroz baretuko dituela uste duen eliteko soldadua da fimeko protagonista.

Amalur Artola|Donostia|2018/09/26 19:55
Koreanuak
Gang Dong-won aktorea eta Kim Jee-woon zuzendaria. (Gorka RUBIO/FOKU)

Japoniako ‘Jin Roh’ animearen egokitzapena da ‘Illang: The Wolf Brigade’, Kim Jee-woonk Sail Ofizialaren barruan gaur aurkeztu duen filma. Bertan, 2029. urtera jauzi egin eta bi Koreak bateratuta dauden aroa irudikatu du zinegile korearrak baina, baketik urrun, tentsio sozialek eraginda Sekta izeneko herritar taldea gobernu bateratuaren aurka altxako da eta hauek Unitate Berezi bat sortuko dute altxatuen kontra egiteko. Unitate horren barneko eliteko soldadua da filmeko protagonista (Gang Dong-won), tentsioa tiroz baretuko duela uste duena.

«Irudi erreala erabilita gizarteko arazo politiko, ekonomiko eta sozialak trata nitzakeela ikusi nuen filma egiten hasi nintzenean, baina beste pertsonaia hau ere txertatu nahi nuen, gizartean integratua dagoena baina neska bat ezagutzearen indarren hortik atera eta bere burua aurkituko duena», azaldu du Jee-woonek. Jatorrizko lanean botereen arteko borroka dela nagusi ere esan du eta berak bi Koreen bateratzeaz jardutea erabaki zuela, batez ere gizarte korearrak bizi duen gatazka islatu nahi zuelako.

Filmeko gidoia idazten hasi zenean bere herrialdeko giroa «bestelakoa» zela ere esan du. «Aurreko gobernua zegoenean hasi nintzen idazten, gizartearen antsietate maila handia zenean. Erakutsi nahi dudana da egoera hau gainditu egin behar dugula, etorkizunera begira jarri nahi badugu. Uste dut zinemak ez duela mundua aldatuko, baina mugimenduren bat eragin dezakeela sinesten dut eta hori da, nire ustez, filme honen eginkizuna. Eragin dezake, adibidez, gutxienez egoerak okerrera ez egitea».

Animea irudi errealean ematea ez dela erraza izan aitortu du zinegileak, baina emaitzarekin gustura agertu da: «Jatorrizkoan pertsonaia asko dago eta oso lehorrak dira, hotzak, eta irudi errealak egiten duena da pertsonekin jokatzean emozioak ageriago daudela. Odol gehiago dago. Irudikatzen den mundua hotza da, baina emaitza emozio askoko filmea da», iritzi du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK