naiz
iruñea

Justizia, berdintasuna eta kohesioa dira Kontseiluak Iruñean eginen duen mobilizazioaren ardatzak

Hiru zutabe izango ditu Kontseiluak, Iruñean, urriaren 27rako deitutako mobilizazioak. Hiru zutabe hauek «justizia, berdintasuna eta kohesioa» irudikatuko dute eta ‘Euskara ofiziala Nafarroa osoan, behingoz’ lelopean batuko dira. «30 urte daramatzagu aldarrikapenak egiten, proiektuak sortzen eta eraikitzen genituen bitartean. Orain, aukera erreala sortu da», adierazi du Paul Bilbao idazkari nagusiak.

Kontseiluak agerraldia egin du mobilizazioa amaituko den lekuan, autobus geltokiko belardian. (Kontseilua)
Kontseiluak agerraldia egin du mobilizazioa amaituko den lekuan, autobus geltokiko belardian. (Kontseilua)

Urriaren 27an, Iruñean egingo den mobilizazioaren nondik norakoen berri eman du Kontseiluak gaur nafar hiriburuan. «Kontseiluak aurreko astean Parlamentuan hizkuntza-eskubideak bermatzeko lege proposamena aurkeztu zuen Parlamentuan. Gure proposamenean herritarrak  erdigunera ekarri ditugu. Urriaren 27an herritarrak erdigunera etortzeko deia egin nahi dugu», adierazi du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak.

Azaldu duenez, mobilizazioa «performatiboa» izango da. Hiru zutabetan ekingo diote bideari 17:00etan: Gazteluko plazatik, Medialuna parketik eta Iturrama eta Abejeras kaleen arteko bidegurutzetik. «Zutabe bakoitzak aldarrikapen bat izango du ardatz: justizia, berdintasuna eta kohesioa. Eta hiruok esango dute Behingoz». Hiru zutabeak Bakearen plazara inguratzen direnean, zain izango dituzte Kontseiluko bazkideak, ‘Euskara ofiziala Nafarroa osoan, behingoz’ aldarrikapenaren atzetiko batuko direlarik.

Autobus geltokiko belardian amaituko da martxa. Bilbaok gogorarazi du «behingoz» aldarrikatzearen esanahia. «30 urte daramatzagu aldarrikapenak egiten, proiektuak sortzen eta eraikitzen genituen bitartean. Orain, aukera erreala sortu da nafar guztiok berdintasunean hartuko dituen Euskararen Lege berria idazteko. Ez dago zonifikazioa ez gainditzeko inolako arrazoirik. Galdetu genien joan den astean Parlamentuan egon ginenean arduradun politikoei eta ez dugu arrazoirik jaso. Horregatik diogu orain dela unea, egoera irauli eta euskarari Nafarroa osoan ofizialtasuna aitortzeko».

Euskal Herri osoko euskaltzale guztiei dei egin die Kontseiluak mobilizazioan parte hartzera. «Une honetan, Nafarroako egoerak behar du bultzada, baina guztioi dagokigun zerbait da, ez da soilik pertsona batzuen erantzukizuna. Herri bezala erantzun behar diogu injustizia egoera honi». Haien aburuz, «orain» gauzatu daiteke «benetan» aldaketa. «Ardura politikoa dutenei, gogorarazi behar diegu erantzukizunez jokatu behar dutela. Guk, dagokigun erantzukizuna aintzat hartuta jokatzen ari gara eta haiei ere momentuak eskatzen duen tamainan erantzutea dagokie».