NAIZ
BILBO

92 pilotari lehiatuko dira Emakume Master Cup-eko lau eta erdiko txapelketan

Lau eta erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup lehiaketaren bigarren edizioan parte hartzeko 92 pilotarik eman dute izena. Horietatik 12 lehen mailan lehiatuko dira eta, promoziokoan, aldiz, 80. Hilaren 21ean hasiko da txapelketa. 

Eibarren jokatu ziren iaz Master Cup-eko finalak. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Eibarren jokatu ziren iaz Master Cup-eko finalak. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Joan den igandean amaitu zen lau eta erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup-aren bigarren edizioan izena emateko epea eta, datuei erreparatuta, lehiaketaren hazkundeak «etenik ez duela» azpimarratu dute antolatzaileek. 

Iaz jokatu zen aurreneko edizioan 80 pilotarik parte hartu bazuten, aurtengoan 92 izango dira. Horietatik, 24k lehen aldiz hartuko dute parte txapelketan. 

Euskal Herri mailan pilotari bizkaitarrak nagusi izango badira ere, 31, Kataluniako kirolarien presentzian ere jarri dute arreta antolatzaileek, hamabi parte-hartzaile bertakoak dira-eta. Gainerakoan, 29 lehiakide gipuzkoar izango dira, 10 nafar, 5 errioxar, 4 Aragoikoak eta Mexikako bat. 

Hamabi parte-hartzaile lehen mailan lehiatuko dira eta beste 80ak, aitzitik, promoziokoan. 

Hilaren 21ean hasiko da txapelketa, Zaragoza, Bartzelona eta Gasteizen jokatuko diren aurre-kanporaketekin. Arabako hiriburuan, Mendizorrotzako lau pilotalekuak erabiliko dituzte, kantxa bakoitzean hiru partidetako bost triangular jokatzeko.

Lehiaketaren gainerako egoitzak zeintzuk izango diren ere zehaztu dute. Hain zuzen, Abadiño, Gordexola, Elgeta, Lemoa, Zalla, Amezketa eta Azkoitiko pilotalekuetan izango da txapelketaz gozatzeko aukera.