Presoen «zigorren batuketaren injustizia» ez luzatzeko eskatu dio Sarek espainiar Gobernuari

Giza eskubideen Europako Auzitegiak, urriaren 23an, euskal presoen zigor batuketaren inguruan emanen duen ebazpenaren inguruan, hau edozein izanda ere, espainiar Gobernuak erabaki honen aplikazioa luzatzeko aukera daukala gogorarazi du Sarek. «Guk hemendik, ez egiteko eskatzen diogu, preso eta hauen familien sufrimenduarekin bukatzeko».

naiz|2018/10/10 12:33
Sare
Sarek presoen zigor batuketaren inguruan agerraldia egin du Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

«Espainiar estatuari injustizia hau ez luzatzeko eskatzen diogu» adierazi du Sarek Giza eskubideen Europako Auzitegiak, urriaren 23an, euskal presoen zigor batuketaren inguruan emanen duen ebazpenaren inguruan. «Ebazpen honek espainiar justiziak bai eta politikak zigorren zenbaketei dagokionean Europar Batasunak aurreikusitako arautegiari egiten dion ez betetzearen amaiera ekartzea espero dugu».

Egun horretan, Santiago Arrozpide Sarasola, Kepa Pikabea, Francisco Mujika Garmendia eta Alberto Plazaolak aurkeztutako helegiteen inguruko ebazpena eginen da publiko. Guztira, 40 helegite inguru ezarri dira.

«Ebazpena aldeko izan badaiteke ere, tamalez berandu dator, jada espainiar Gobernuak presoei dagokien zigorra baino gehiago betearazi dienean dator», gaineratu dute. «Helegite hauek doktrina sortuko dutelakoan gaude, Arrospide jaunaren egoera berdinean aurkitzen diren 50 presoei aplikagarri izan beharko litzaieke, hauetatik 14, jada libre atera daitezke».

Era berean, honek espainiar Gobernuari espetxe politikaren erabilerari dagokionean «zeresana» eman beharko liokeela iritzi du Sarek eta «euskal gizartea entzuteko» eskatu dio Pedro Sanchezen Gobernuari. Ebazpena, zigorren batuketaren aldekoa balitz, iradoki eign dio «aprobetxatu dezala espetxe politikan erabateko aldaketa egiteko, urruntze politikari amaiera emateko, gaixo dauden presoak askatzeko eta salbuespen legediari amaiera emateko».

Ebazpena urriaren 23an kaleratuko da, hau edozein izanda ere espainiar Gobernuak erabaki honen aplikazioa luzatzeko aukera dauka ebazpenari aurkeztu dakiokeen alegazioa medio. «Guk hemendik, ez egiteko eskatzen diogu, preso eta hauen familien sufrimenduarekin bukatzeko. Ez dadila Ines del Riorekin gertatutako errepikatu, zeinari, alegazio hauek medio, kondena, urte betez luzatu zitzaion».

Bestetik, euskal gizarteari, urriak 20an Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko gonbita berretsi dute, «beharrezkoa baita bai Madrilek bai eta Europak benetako bake eta elkarbizitzaren alde aurrera egin nahi dugula ikustea».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK