Azaroaren 11n egingo dute elkar ezagutza sustatzeko ‘Bizilagunak’ ekimenaren 7. edizioa

Mahaiaren bueltan eta bazkaria partekatuz elkar ezagutzeko eta loturak sortzeko aukera eramango du Euskal Herriko hiri eta herrietako etxeetara ‘Bizilagunak’ ekimenaren zazpigarren edizioak, azaroaren 11n. 

NAIZ|DONOSTIA|2018/10/11 12:21
Bizilagunak
‘Bizilagunak’ ekimenaren 7. edizioaren aurkezpena.

Datorren azaroaren 11n ospatuko da SOS Arrazakeriak antolatzen duen ‘Bizilagunak’ ekimenaren zazpigarren edizioa. Igande horretan, 14.00ak aldera, etxe ugaritako ateak ireki egingo dira bertako familiak zein Euskal Herrian bizimodu berri bati ekin diotenak mahai beraren bueltan biltzeko. «Hainbeste pertsonak aldarrikatzen eta praktikan jartzen duen harrera gauzatuko dugu, migratzaileentzako gero eta gordinagoa den giroan», azpimarratu dute antolatzaileek. 

Aurrez egin diren sei edizioetan, «ederki» ikusi dute ekimena «tresna eraginkorra dela elkarrengana hurbiltzeko, aurreiritzi eta estereotipoak kolokan jartzeko eta harreman sareak josteko». 

2012an ekimena estreinakoz antolatu zenetik, 10.000 bat izan dira parte hartu dutenak, familiak eta dinamizatzaileak barne. Iazko edizioan, 2.000 baino gehiago izan ziren txoko ugaritan mahai baten inguruan bazkaritarako elkartu ziren bertako eta atzerritar jatorriko familiak. 

Antolatzaileek gogoratu nahi izan dute «parte-hartzea eta inklusioa» sustatzen dituela ekimenak, «adierarik zabalenean»: «hala, familiatzat hartzen dugu edozein lagun talde, bikote, etxekide edo eta bizitzan lagun diren taldeak. Jende askok, eta bereziki atzerritar jatorrikoak, sortu behar izan ditu ingurune eta familia berriak, beraienak jatorriko herrietan utzi ondoren».

ZAS! Zurrumurruen Aurkako Euskal Herriko Sarearen barruan dago ekimena. Sare hau Lakuak eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 20 udalek eta erakundek osatzen dute, elkarbizitza eta begirunea sustatuko dituzten dikurtso eta jarrerak zabaltzeko zein estereotipo eta zurrumurruei aurre egiteko helburuarekin. 

Bizilagunak ekimena Lakuak eta Gipuzkoako Aldundiak laguntzen dute, bai eta Andoain, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Ordizia, Pasaia eta Zarauzko udalek ere. Tolosaldekoek ere bat egiten dute ekimenarekin, Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren bidez.

Gipuzkoaz gain, Getxo, Barakaldo, Basauri, Berriatua eta Gasteizen ere ospatuko dira bazkariak.

Izena emateko epea oraindik irekita dago eta udalen zerrenda handitzen ari da. Anfitrioi, gonbidatu edo dinamizatzaile gisa parte hartu nahi duenak, internet bitartez eman dezake izena oraindik

Bizilagunak Zirkus

Aurtengoan, Victoria Eugenian edo Kursaalen egin izan den Gipuzkoa Solidarioa galaren IX. edizioa kalera aterako da eta zirkuarekin lotutako ikuskizun bat eskainiko du, urriaren 28an. Euskaraldiaren bat eginik eta zirku karpa baten pean, Bizilagunak ekimenaren aperitibo izango da Gipuzkoa Solidarioa gala.