Larhun mendian egin nahi duten azpiegituraren aurkako kanpaldia antolatu dute

Larhun mendian aurreikusitako turismo azpiegituraren aurka kanpaldia antolatu du asteburu honetan Aman Komunak sareak.

Maite UBIRIA BEAUMONT|BAIONA|2018/10/12 11:26
Larrun
Larhunen eraiki nahi duten azpiegitura turistikoak harrabots handia eragin du. (Bob EDME)

Euskal Herriko hainbat kolektibok Notre-Dame-des-Landesko aireportuaren aurkako egitasmoa sostengatu zuten, horren ondotik Bretainian garatu zen erresistentzia eredua hartuta ZAD antzeko borroka eremuak saretzeko urratsa eginez. Horrela sortu zen Aman Komunak sare autogestionatua. Sareak kanpaldia antolatu du asteburu honetan Larhun mendian aurreikusten den azpiegitura erraldoiaren aurrean bere errefusa agertzeko.

Balore amankomunak aldarrikatzen dituzte Aman Komunak sareko kideek, hartara naturaren defentsa hobetsita, etekin menpean garatzen den sistemaren aurrean praktika autogestionatua alderatzen dute.

Aman Komunak sareko kideek aldiro topaketak antolatzen dituzte. Asteburu baten bueltan auzolana garatu eta, bide batez, biltzar nagusia eginen dute ondoko hilabeteetan sareak garatuko dituen lan esparruak zehazteko.

Sareak Larhun mendia hautatu du ondoko asteburuan eginen dituen topaketak egiteko. Hain zuzen ere, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko presidente den Jean-Jacques Lasserrek bultzatzen duen «Larrun 2020» proiektuaren aurka azalduz, bertako elkarteak naturgunea babesteko daramaten lanari sostengua adieraziko dio ekimen honen bitartez.

«Datozen belaunaldiek biziko dituzten klima aldaketen aitzinean, ausardiaz erran behar dugu egitasmoa ez dugula onartzen», adierazi dute sareko kideek.

Urriaren 13an, Larhungo tontorrean eman dute hitzordua, 14.00etan, bazkari partekatu batentzat. Arratsaldean zehar mendi inguru horretan pizturik diren hainbat borrokaren eta alternatibaren gainean solasaldiak eta eztabaidak eginen dituzte. Gauean, berriz, musika akustikoaz eta bertze kultura espresioetaz gozatzeko aukera izanen da.