naiz
Bilbo

Zigor Merodio presoaren erakusketa debekatu du Bilbo-Basurto ESIko zuzendaritzak

Bilbo-Basurto ESIko zuzendaritzak Zigor Merodio euskal presoaren ‘Zorroztarria’ erakusketa debekatu egin duela salatu du LABek. Uztailean Donostian ere debekatu egin zuten. «Zentsura hutsezko kasu baten aurrean gaude», salatu du LABek. Hala ere, erakusketa astelehenean 12:00etatik aurrera egonen da ikusgai Gurtubay autobus geltoki parean.

‘Zorroztarria’ erakusketa ikusgai egonen da astelehean. (@LABsindikatua)
‘Zorroztarria’ erakusketa ikusgai egonen da astelehean. (@LABsindikatua)

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Bilbo-Basurto ESIko zuzendaritzak «ez du baimenik eman» ospitalean Zigor Merodio euskal presoaren ‘Zorroztarria’ eskultura lanak jasotzen dituen argazki erakusketa egiteko.

Edu Martinezen argazki eta Alaitz Areitio eta Jon Troitiñoren testu eta bertsoek lagundutako erakusketa da. Urriaren 15ean zegoen aurreikusita eta zuzendaritzaren debekua atzo bertan izan zutela jakinarazi du sindikatuak. «Baimenik ez izateko eman diguten zergatia zera da: erakusketaren gaiak osasun gaiekin ez daukala zerikusirik. Harritzekoa da erantzuna, kontuan hartuta baimena eskatu genuenean argi utzi genuela erakusketaren izena, egilea eta eskulturetan oinarritzen zela, eta momentu horretan ez zitzaigun inolako arazorik planteatu».

Osakidetzak honako erakusketa jartzea ukatzen duen bigarren aldia da. Aurreko batean, Donostia ESIko zuzendariak debekatu egin zuen, uztailaren hasieran. «Zentsura hutsezko kasu baten aurrean gaude, inposaturiko zigorra betetzen ari diren pertsona preso batzuen adierazpen artistikoa zentsuratzeko inolako arrazoirik gabe», salatu dute.

«Osakidetzak, kasu honetan Bilbo Basurtoko zuzendaritzak, bere irizpidea inposatu du eta bertan behera utzi du Euskal Herriko toki askotan ikusgai egon den erakusketa», gehitu du sindikatuak.  LABek, Donostian egin zen moduan, ospitaleko atariraino eramango du erakusketa astelehenean, «mundu guztiak ikusi ahal izateko Osakidetzak bai ala bai estali nahi duen hori». 12:00etatik aurrera egonen da ikusgai Gurtubay autobus geltoki parean.