NAIZ
LEKUNBERRI

Artista dela erakutsi eta ligaxkako lehen puntua eskuratu du Bengoetxea VI.ak (22-14)

Final laurdenetako ligaxkako lehen puntua poltsikoratu du Oinatz Bengoetxeak Lekunberrin Mikel Urrutikoetxearen aurka 22-14 irabazi ostean. Bizi jokatu du leitzarrak, artista ikaragarria dela erakutsiz.

Ongi asmatu du errematean Bengoetxea VI.ak. (Iñigo URIZ/FOKU)
Ongi asmatu du errematean Bengoetxea VI.ak. (Iñigo URIZ/FOKU)

Azken denboran gutxi ikusi baina handiak izaten jarraitzen dutela erakutsi duten bi pilotariren arteko neurketaz gozatu du pilotazaleak igande arratsalde honetan Lekunberriko pilotalekuan: Oinatz Bengoetxea eta Mikel Urrutikoetxea.

Lehenak irabazi du neurketa, baita final laurdenetako ligaxkako lehen puntua ere, bizia eta maila handikoa izan den neurketa baten ostean. Faborito argirik gabeko neurketa zen eta zaratamoarrak 9-12 galtzen zela behatz txikian min hartu ostean baino ez da hautsi partida.

Leitza aurreratu da markagailuan motzean eta bizkor jokatu diren lehenengo tantoen ostean (7-2), baina oraino maila baduela erakutsi eta neurketa berdintzea lortu du Urrutikoetxeak (8-8). Bi aldiz berdindu du partida zaratamoarrak, baina ez du markagailuan aurretik jartzerik lortu.

Partida 12-9 zela, min hartu du Urrutikoetxeak behatz txikian eta medikuak artatu behar izan du. Hala, erraztasun handiagoz jokatu du leitzarrak neurketaren bigarren zatia (22-14).

Bizi jokatu eta artista handia dela erakutsita irabazi du Bengoetxea VI.ak; Urrutikoetxeari, aldiz, zaildu egin zaio hurrengo faserako sailkapena. Hala ere, lesiotik ongi errekuperatuta dagoela erakutsi du, baita bere maila bide onetik doala ere. Ezin esan gaizki jokatu duenik, baina Oinatz handi bat izan du aurkari gaur.