naiz
Bilbo

Gehiengo sindikalak presoen afera konpontzea «bizikidetzarako beharrezkoa» dela adierazi du

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek agerraldia egin dute Foro Sozialarekin batera. Bertan, presoen egoera konpontzea, urrunketarekin amaitzea eta bigarren gradurako bilakaera ematea defendatu dute. Zentzu horretan, larunbatean Donostian egingo den mobilizazioarekin bat egin dute. CCOOk ere bat egin du edukiarekin, baina ez elkartasun sindikala irudikatzearekin.

Sindikatuek eta Foro Sozialak agerraldia egin dute Bilbon. (FOKU)
Sindikatuek eta Foro Sozialak agerraldia egin dute Bilbon. (FOKU)

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuak Foro Sozial iraunkorraren ekimenez elkartu dira eta preso dauden pertsonak txertatzeko auziari buruzko amankomuneko irakurketa egin dute. «Egungo egoeran, preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzatekela uste dugu», adierazi dute Steilaseko Ana Perezek eta UGTko Raul Arzak.

Bide horretan, hainbat urrats «beharrezko» direla azpimarratu dute. Alde batetik, gaitz larriak pairatzen dituzten presoen auziaren inguruan, «agintariei estatuan indarrean dagoen legedia eta nazioarteko irizpide zorrotzenak aintzat har ditzaten» eskatu diete, «duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla-eta». Bestetik espainiar eta frantziar estatuei presoak Euskal Herrira gerturatzea exijitu diete. Era berean, «preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak benetan aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera» defendatu dute.

Gizarteari ere zuzendu zaizkio, «bakoitzak bere eremutik, auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lana egin dezan». Zentzu horretan kokatu dute larunbatean Donostian egingo den mobilizazioa.

Foro Sozialak, bere aldetik, ETAren armagabetzetik hona egindako lanak fruituak eman dituela nabarmendu du. «Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan, baita Batzar Nagusietan, espetxeen eskumenen transferentzia, gaixo diren presoak eta hurbilketaren inguruan akordio instituzionalak lortu dira», adierazi du Teresa Todak.

Zentzu horretan kokatu du ere gaur sindikatuek egindako agerraldia. «Gure herriaren bizikidetza demokratikoaren alde duten konpromisoan jausi kualitatibo garrantzizko bat ematen dute».

CCOOk bat egiten du edukiarekin baina ez elkartasun sindikala irudikatzearekin

CCOO sindikatuak, aldiz, ez du «fikziozko batasun hau» irudikatzea babesten, «ezinezkoak direlako langile klasearentzako arlo garrantzitsuagoetan». Hala ere, mobilizazio masiboekin bat egiteko prestutasuna agertu du, «gizarte zibilaren gehiengoa ordezkatzeko helburua mantentzeko». 

Hala ere, babestu egin ditu gaurko agerraldian gainontzeko sindikatuek aurkeztu dituzten puntuak.