NAIZ+

Emakumeen gorputzak defendatzeko, urrutitik helduko dira Bilbora indarrak batzera

Mundu osoko 42 delegaziok parte hartuko dute astelehenetik aurrera Bilbon egingo den Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketan. Larunbatean, berriz, Feministon Herria egingo dute Bizkaiko hiriburuan eta gaur aurkeztu dute bertako abestia.

Audio_placeholder

MICE. ‘Bizia arnas’

Loading player...
 Gaurko agerraldiaren irudia. Luis Jauregialtzo. FOKU
Gaurko agerraldiaren irudia. Luis Jauregialtzo. FOKU

Alemania, Argelia, Argentina, Belgika, Bolivia, Brasil, Burkina Faso,Txile, Kuba, El Salvador, Guatemala, Kurdistan, Mali, Palestina edo Somaliako emakumeak izango dira Bilbon egingo den Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketan. Guztira, 42 herrialdeetako delegazioek baieztatu dute parte hartuko dutela urriaren 22tik 28ra, «Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara!» lelopean egingo den Nazioarteko Topaketa honetan.

Euskal Herriari egokitu zaio aurten Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketa antolatzea eta urriaren 27an, berriz, eta topaketen aukera baliatuta, Feministon Herria egingo dute Bizkaiko hiriburuan.

Gaur egindako agerraldian Feministon herriaren soinu banda izan nahi duen abestia aurkeztu dute. MICE taldeak egin du eta ‘Bizia Arnas’ du izena.

Nazioarteko Topaketa urriaren 22an hasiko da, arratsaldez, ekitaldi ireki batekin.
Urriaren 23tik 26ra, topaketak bere egitarau propioa izango du eta herrialdeetako ordezkariak eta antolakunde aliatuetako ordezkariak Bizkaia Aretoan elkartuko dira. Testuinguru orokorraren eta honek emakumeengan duen eraginaren inguruan hausnartuko dute, eta horrekin batera V. Nazioarteko Ekintza antolatzeari ere ekingo diote.

Zita aprobetxatuta, baina, egitarau paralelo bat antolatu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak urriaren 27rako. Orduan egingo baitute Bilboko Areatzan Feministon Herria ekimena. Euskal Herriko mugimendu feministak martxan dituen alternatibak erakustea izango du xede egunak eta azoka zabala izango da goizean helburu horrekin.

Gosaria, bazkaria solasaldi, mahai-inguru eta bestelakoez gain, manifestazio bat egingo dute, 17.30ean, Arriagatik abiatuta.

Eguna bukatzeko kontzertuak izango dira Mice, Sustraians, Ni Tuya Ni Yuta eta Gora Etorri taldeekin.