NAIZ

Haur eta gazte literaturako Euskadi saria ere Eider Rodriguentzat

Idazle batek urte berean bi Euskadi sari jasotzen dituen lehen aldia da honakoa. Izan ere, aurtengo euskarazko literaturako Euskadi saria ere irabazi du Eider Rodriguezek ‘Bihotz handiegia’ ipuin liburuagatik.

Euskadi sariako irabazleak agerraldiaren ostean. (Marisol Ramirez. FOKU)
Euskadi sariako irabazleak agerraldiaren ostean. (Marisol Ramirez. FOKU)

Eider Rodriguezek irabazi du Haur eta gazte literaturako Euskadi saria ‘Santa Familia’ lanagatik. Orain artean, idazle batek ez zituen inoiz bi Euskadi sari eskuratu urte berean, baina Rodriguezek lortu du; izan ere, orain hamabost egun jakin zen beretzat izango zela euskarazko literaturako Euskadi saria, ‘Bihotz handiegia’ ipuin liburuarengatik.

Kepa Altonagarentzat izan da, ostera, saiakerako saria, ‘Patagoniara Hazparnen barrena’ lanagatik eta Irene Aldasorok irabazi du itzulpen arloko saria, ‘Gailur Ekaiztsuak’ itzulpenagatik. Gaztelaniazko literaturan, berriz, Karmelo Caballero Iribarren izan da irabazlea, ‘Mientras me alejo’ lanagatik. Hala jakinarazi du Lakuako Kultura Sailak gaur bertan.

Yolanda Mosquerak ilustrazioa atalari dagokion saria eskuratu du, ‘La pequeña Roque’ lanagatik, eta Santos Zunzuneguik, berriz, gaztelaniazko saiakerari dagokiona, ‘Bajo el signo de la melancolía’ obragatik. Euskarazko literaturako Euskadi sariarekin batera iragarri zituzten saridun hauek orain bi aste.

Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura agerraldian nabarmendu duenez, sari hauek bi helburu nagusi dituzte: sortzaileen lana aitortzea eta agerikoagoa egitea. «Sari hauei esker gehiago hitz egiten da gure sortzaileek egindako literaturaz», defendatu du.

Sariak azaroaren 27an banatuko dira, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean.